Koadro bat miretsi nahi badut eta museoan nire aurrean inor badago, pertsona horrek alde egin arte itxaroten dut, irudia bere osotasunean ikusi ahal izateko. Eskultura baten kasuan angelu guztiak miatzen ditut, zirrikituetatik begiratu, textura ikusi…
Sortze prozesuan bezala, artelan bat ikustea berarekin elkarrekintzan sartzea da eta horrek nigan sortzen duen esperientzia da niretzat balioa duena.
Objektua baino, nigan eragiten duen erreakzio subjektiboa. Kontaktu horretan sortzailearekin harreman bat dago, eta ni hor nabil, mezu ezkutuaren bila.
Gauza bera gertatzen zait eleberri bat irakurtzean. Liburua gustatu bazait eta epilogo bat badago, ez zait bururatzen hori ez irakurtzea; hori ere artelanaren parte da.
Antza, zineman ez da kode bera errespetatzen. Areto gehienetan, film bat amaierako letrak hasi bezain pronto amaitzen da. Eta zer gertatzen da, geroz eta ohikoagoa den bezala, kredituen ostean beste eszena batzuk badaude?
Beste kasu batzuetan, nahiz eta eszena gehigarririk ez egon, amaierako musika eta letrak artelanaren tempoaren parte inportantea dira. Adibidez, Loreak edo Truman pelikuletan azken gertakizunen inpaktua asimilatzeko balio dute.
Horregatik, filma amaitu baino lehen argiak piztu egiten badira, barkatu ez banaiz jaikitzen.