Udako azken hilabetea, betebehar gogaikarrietara bueltatzeko garaia, opor-osteko estresa pairatzeko aldia. Askoren bizipena da irailan zerbait amaitu egiten dela, eguraldi onarekin batera alaitasunak ere alde egiten digula eta nahitaez tristura edo haserrea bueltan daudela.
Izenaren jatorriari begiratuta, ordea, ez dugu bizipen horiei erreferentzia egiten dionik topatzen. Ira hila edo iratze hila: belar hauek bere onenean daude hilabete honetan eta orain da garaia beroriek bildu eta abereentzako ukuiluetako azpia berritzeko. Hau da, nolabait, udazkeneko eta neguko hilabeteetarako prestatzeko garaia da.
Euskal Herriko sortaldeko hainbat tokitan bestelako izena ere ematen diote hilabete honi: buruila. Agian hilabete honetan amaitu eta hasten zelako urtea, udazkeneko gau berdinean hain zuzen.
Eta gugandik gertuago dagoen Arratian, adibidez, urri lehena. Kasu honetan ere lehengo hilabetea esan nahi omen du. Arrazoia dena delakoa, argi dago iraila aldaketa epea dela. Zerbait amaitu egiten da eta zerbait hasi egiten da. Beraz, normala da amaitu denagatik tristura izatea. Baina horretaz gain, zerbaiten hasiera ere bada, proiektu eta asmo berrien garaia. Ez bagara aldaketa zirraragarriarekin motibatzeko gai eta bat batean estresak jota bagaude, agian ez dugu hilabete honen esanahia ondo ulertu.