Euskararen Egunari buruz amama batekin berbetan, Aiaraldea euskalduntzeko oraindik lan galanta falta zaigula komentatu nion. “Dagoeneko asko hedatu da euskara!” esan zidan eta bere haurtzaroko egoera azaldu zidan: Baranbion jaio zen guda aurretik eta nerabezaroa Urrexolan eman zuen, Orozkon.
Garai hartan, Baranbion eta Amurrion ez omen zen ia euskararik erabiltzen. Orozkon, ordea, euskara zen nagusi. “Muga oso argia zen. Uribiarteko etxekoak euskaldunak ziren. Altube ibaian gora ehunka metro eginda, Bergantzako bidegurutzera heldu eta bertan denak erdaldunak. Nekez ulertzen zuten elkar asteburuetako merkatuetan!”.
Hala izanda, egia da euskara dezente hedatu dela, gaur egun Aiaraldean euskaldun kopurua gora doa eta. Euskara, aldiz, ez da neurri berean plazara jalgi.
Honen arrazoia gaur egungo muga ikusezinak dira, hala nola inertziarena (“gure artean beti egin dugu erdaraz”), lotsarena (“nire euskara traketsaz esateko hobe erdaraz”), zuhurtziarena (“besteak agian ez dit ulertuko”) edo eta alferkeriarena, besteak beste.
Guda aurreko muga, etsai handiak tartean, gure hizkuntza maitatuz eta erabiliaz gainditu genuen. Gai izango al gara egungo muga ikusezin hauek ere gainditzeko?