Urduñako Gure Ahaleginak upategiak txakolina mota berria aterako du datorren hilabetean, uztailean. Hori dela eta, botila berrirako etiketa lehiaketa baten bidez atera nahi dute. Ardo berri horretarako Hondarribi Beltza baino ez dute erabili eta Filoxera izena jarriko diote ardo berriari. Filoxera edo mahats-zorria intsektuak kalte handiak egin zizkien behin baino gehiagotan mahastiei XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran. Lehiaketa horretarako irudiak , 20 x 20 neurrikoak , ekainaren 30a baino arinago igorri behar dira Urduñako Ibazurra auzoko Gure Ahaleginak upategira.
Lehiaketa horretatik garaile irtengo denak Urduñako Aduana Bainuetxean asteburua igarotzeko saria izango du. Urduñako upategiko Arkaitz Larrazabal Durana enologoak izan du ardo berria sortzeko ardura eta kopuru mugatua ekoiztuko da, 1000 botila baino ez dira banatuko. Ardo mota hau ateratzeko, uztak oso ona izan behar du eta horrexegatik ezin da urtero bermatu txakolin mota hau.