Datorren asteburuan, ekainaren 17tik 19ra Okondoko kultur elkarteek, talde politikoek eta Udalak antolatuta Okondo Euskaraz 2011 ekimena izango da. Ekainaren 17an, ostiralean, Kiliklon umeentzako jaialdia egingo da arratsaldeko 17:00etatik aurrera herriko frontoian. Bertan, Gaztelu puzgarriak, Kortxea Doktorearen abenturak ikuskizuna eta Top K euskaraokea izango dira haurren gozamenerako. Halaber, Kultura etxean Steamboat Jazz Band taldearen eskutik Jazz kontzertua izango dute musikazaleek. Gau parterako, 21:30ak aldera herri afaria egingo da frontoian eta horretarako aldez aurretik tiketak erosi beharko dira Okondoko tabernetan edo Laudioko Eusko PC dendan. Egunari amaiera emateko S. Bartolome plazan musika emanaldia izango da Irrintzi, Sute ( The Fucking Birds ) eta Herrikadak taldeen eskutik.
Larunbatean, inguruko bazterrak eta ondarea ezagutarazteko familientzako mendi ibilaldi gidatua prestatu dute antolatzaileek. Irteera horretan gurasoek, seme/alabek eta nahi duenak parte har dezake. Betiere, mendi ibilaldian parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da Okondoko udaletxean, ekainaren 16a azken eguna izanik horretarako. San Romanetik Ermuko larrinera abiatuko dira eta 13:00ak aldera itzultzeko asmoa dute. Gauean, 20:45ean, Okondoko Izalde abesbatzak, mezaren ostean, baselizan euskal kanten emanaldia eskeiniko du. Okondo Euskaraz 2011ri amaiera emateko iganderako autobusak jarriko dituzte Araba Euskaraz-era joateko, Laudiora hain zuzen.