Santa Luzia abesbatzak Tiroleko hegoaldean, Val Pusterian (Italia), ekainaren 22tik 26ra Alta Pusteria nazioarteko abesbatzen jaialdian parte hartuko du. Alta Pusteria nazioarteko jaialdia urtero antolatzen da ekainaren amaieran eta bertan Europako abesbatza askok hartzen dute parte. Aurten esaterako, Europako 88 abesbatza eta Hegoafrikako bat izango dira aipatutako jaialdian. 1998an antolatu zen aurrenekoz nazioarteko jaialdi hori eta ordutik hona 800 abesbatza izan dira Tiroleko Alta Pusteria jaialdian.
Azken urteotan Laudioko abesbatzak Euskal Herritik kanpo emanaldi asko izan ditu. Beatriz Zurimendi Vadillok zuzentzen duen taldea Estrasburgon,, Hungrian, Frantzian, Holandan, Paraguayn, Argentinan, Alemanian, San Petersburgon eta beste hainbat herritan ibili da. 1972an Laudioko musikazale batzuei esker lehendabiziko urratsak eman zituen Santa Luzia abesbatzak eta gaur egun Euskal Herrian ahots baxuen koralik ospetsuenetakoa dugu. Alta Pusteria jaialdia ez da abesbatzen arteko lehiaketa eta Laudioarrek besteak beste honako kantuak abestuko dituzte Tirol aldean: Mendirik mendi (Sabin Salaberri), Potxolo dago negarrez (Jose Mª González Bastida), Sorgin dantza (Eduardo Mokoroa), Urzo Luma (Pablo Sorozabal).
Mendirik Mendi (Sabin Salaberri)
Potxolo dago negarrez (Jose Mª González Bastida)
Sorgin dantza (Eduardo Mocoroa)
Kitolis (Luis Aramburu)
Urzo luma (Pablo Sorozabal)
Peregrina (Ricardo Palmerín)
Pepita (A. Muller)