Datorren larunbatean, maiatzaren 28an, Laudioko Aldaiko plazan Euskarak pausu bat harago jaia izango da. Basalarrina Euskal Topaguneak eta Araba Euskaraz-ek bat egingo dute euskararen aldeko festa horren antolaketan. Goizean zehar, Kirikiño elkartearen eskutik haurrentzako tailerrak eta Eragintzaren ludoteka puzgarria. Jai horretan, inguruko baserritarren azoka izango da eta bertan, sasoiko produktuak salgai jarriko dituzte. Halaber, patinetan ibiltzea gustuko duten umeek zein nagusiek jolasak eta ibilaldia izango dituzte. Euskarak pausu bat harago jaiak euskararen aldeko urratsak aldarrikatu nahi ditu eta euskararen erabilera bultzatzeko garrantzitsuak dira horrelako ekimenak, antolatzaileen esanetan.
Aurreko urtean Basalarrinak aurrenekoz antolatu zuen jai hori eta iaz bezala, egitaraua bete-beterik datorkigu. Besteak beste honako ekitaldiak izango ditugu: Joaldunak, igela jokoa, mokadu lehiaketa, mus txapelketa, kantu kalejira, hanka-palu tailerra, txokolate jana, bertsoak tabernetan eta herri bazkaria. Halaber,eguerdian herri bazkaria izango dute euskaltzaleek eta arratsaldean Aldaiko plazan haurren barre algarak entzungo dira Monda eta Lironda pailazoen emanaldian. Egitarau luze eta anitz horretan aipagarria gaztetxean antolatu den bertso emanaldia, Menorcako glosadoreek eta Arabako bertsolariek egingo duten emanaldia hain zuzen. Menorcatik Esteve Barceló "Verderol" eta Joan Moll "Joanet" glosadoreak eta Ismael Moll "Pele" sonadorea (gitarra-jotzailea) etorriko dira eta horiekin batera, Arabako zenbait bertsolari: Iñaki Viñaspre, Ander Solozabal, Ekaitz Samaniego eta Izar Mendiguren.
Gauean Araba Euskaraz-eko antolatzaileek musika emanaldi ikusgarria prestatu dute. Izan ere, Kerobia, Esne Beltza eta Izargi taldeek gaueko 22:00etatik aurrera, euren kantu ezagunenak abestuko dituzte. Araba Euskaraz-ek eta Basalarrinak salgai jarri dituzte bazkarirako tiketak Arrañope, Aritz, Ilargi eta Bazter tabernetan. Laudio Ikastolako idazkaritzan ere, eskuratu ahal dira herri bazkarirako txartelak.