Rafa Rivas argazkilari laudioarrak Unanuko inauterietan ateratako argazki bat argitaratu du The Boston Globe egunkariaren Boston.com atariak. Aipatutako argazkian Unanuko inauterietako pertsonaia nagusia azaltzen da, Mamuxarroa hain zuzen. Argazki horrekin batera Europako eta Ameriketako hainbat inauterietako argazkiak ikus daitezke. Unanuko inauterietan egindako beste argazki bat Erresuma Batuko The Guardian egunkarian argitaratu da.
Bostoneko (AEB) komunikabide horren atarian "The big picture" argazki galeria argitaratzen da eta prentsa-argazkigintzan aintzat hartzeko gunea da. Izan ere, badira urte batzuk argazki galeria hori argitaratzen dela eta egunkari horretako editore grafikoek Lana Turner, Lloyd Youn, eta argazkigintza-zuzendaria den Paula Nelson nazioarteko agentzia nagusietatik bidalitako argazkiak hautatzeaz arduratzen dira.
Rafa Rivas eskarmentu handiko argazkilaria dugu, gaur egun AFE (Agence France Presse) agentzian dabil lanean 2000. urtetik, aurretik ere zenbait komunikabidetan ibilia da. 1988an Gaur Express egunkarian hasi zenetik bere lanak EFE agentzian, ETBn, El mundo eta El periodico de Catalunya egunkarian argitaratu dira. Bestalde, Euroliga txapelketako argazkilaria da eta nazioarteko eta bertoko aldizkari espezializatuetarako noizbehinkako lanak egiten ditu.
Halaber, argazkilari laudioarraren lanak behin baino gehiagotan zabaldu dira lau haizetara, Boston.com atarian sanferminak, udako suteak, edo 2004ko hilabete batean Yahoo bilatzailean erabilienetariko argazkia izan zena, Iruñean Sebastian Castella toreroak izandako adarkada, 2005ean Gasteizen Rajoyri egindako argazkia ere bazter guztietara zabaldu zen. Rafa Rivasek Aiaraldea.com-i adierazi bezala, batzuetan ez da urrunera joan behar argazki adierazgarria lortzeko. Horren lekuko, argazkilari laudioarrak Okondon, elurrak bazterrak zuritutako egun batean, bere txakurrari egindako argazkia. Argazkia bidali eta gutxira, Yahoo bilatzailean eta Foreign Policy aldizkarian argitaratu zen.