Aste honetan udal-biltzarreko alderdiak, Berlojatzen elkarteko kideak eta Uraren Euskal Agentziaren (URA) teknikariak batu dira. Bertan, URAk kaltetuen elkarteko kideei irizpideak aldatu direla eta ez dela Bitorikako etxea eraitsi beharko jakinarazi die. Gogora ekarri behar da 2009ko azaroan, prentsan agertutako albiste bati esker, Bitorikako 86 etxebizitzetako eta Fleming D., José Arrue eta Karmengo Andra Maria kaleetan dauden 34 pisuetako bizilagunek euren etxeak eraitsiak izateko arrisku handia zutela jakin zuten. Orduan, Uraren Euskal Agentziaren arabera, 1983ko txosten teknikoetan oinarrituta, aipatutako etxebizitzek egungo legedia ez zuten betetzen ibai-ibilgutik gertuegi baitzeuden.
Berlojatzen elkarteko eleduna den Alvaro Barriosek harriduraz hartu du oraingo erabakia. Izan ere, teknikariek esandakoaren arabera Uraren Euskal Agentziak 500 urtetako irizpidea erabili beharrean 100 urtetakoa hartu dutela eta horrek ekarri duela Bitorikako etxearen eraispena baztertzea . Baina Alvaro Barriosek gogora ekarri digu 2010eko maiatzean 100 urtetako irizpidea izan zutela eta hala ere, etxea eraistea zen URAren aukera bakarra.
Berlojatzen elkarteko eledunak Aiaraldea.com-i adierazi dio oraingo aldaketarako irizpideak ez direla teknikoak izan, Alvaro Barriosen ustez irizpide politikoak nagusitu dira. OMNIA hautesle elkartea sortzetik hiru asteetara konponbide hau etortzea ironiaz hartu duela adierazi digu Berlojatzen elkarteko kideak. Datorren asteazkenean, Lanbide Heziketa Ikastetxeko zineman elkartuko dira Berlojatzen elkarteko kideak eta bertan, aurrera begira eman beharreko urratsak erabakiko dituzte. Halaber, Bitorikako etxearen inguruan beharrezko ikusten dute, batetik ez eraistearen inguruko bermeak ematea eta bestetik, etxeari balioa emateko bideak aztertzea eta lantzea. Bestalde, Fleming D., José Arrue eta Karmengo Andra Maria kaleetako 34 pisuetako bizilagunentzako konponbidea landuko dute Udalak eta Eusko Jaurlaritzak.