Aurreko ostiralean Laudioko Lanbide Heziketa Ikastetxeko zinema aretoan Otsoaren hatsa film laburraren emanaldia izan zen. Juan Angel Lekanda zinemagile laudioarrak, Goikogane mendian grabatutako laburmetraiaren estreinaldian, zinema aretoa bete-beterik egon zen. Film labur horren emanaldiaren ostean, Laudioko oroimen historikoa berreskuratzearen aldeko taldeak omenaldi xume eta hunkigarria egin zien gerran errepresioa pairatu zuten pertsonen senideei. Halaber, ekitaldi horretan ere, espainiako gerran "gudari" aritu eta bizirik dagoen laudioar bakarrari egin zitzaion omenaldia, Manolo Ibarrondori hain zuzen.
Oroimen historikoaren aldeko taldeko kide den Karla Santistebanek Aiaraldea.com-i adierazi bezala, urrats garrantzitsua da 1936ko militarren jaikialdiaren eta horren osteko diktaduraren kaltetuak izan zirenak aintzat hartzea. Era berean, Laudioko talde honek Domu Santu egunean 8 pertsona omendu zituen, ostiraleko ekitaldian 51 izan ziren omenduak zinema aretoan eta beste 15ek etxean jasoko dute omenaldiaren oroigarria. Hori dela eta, eginbehar horretan laudioar guztion laguntza eskatu dute, frankisten altxamenduaren kaltetuek behar bezalako onarpena izan dezaten. Frankismoak Laudion eragindako biktimen gorazarretan, antolatzaileek laudioar biktimen zerrenda banatu zieten bertaratutako guztiei.
Omenaldian Lau haizetara gogoan elkarteko kidea den Amalio Garciak (Sestao) parte hartu zuen eta gogora ekarri zigun 1936ko militarren altxamenduak milio bat desagertu eta erahil ekarri zituela, baita 30.000 ume ere lapurtuak izan zirela. Amalio Garciaren esanetan garrantzi handikoa da horrelako ekitaldiak, omenaldiak antolatzea. 75 urte igaro ostean, oraindik ere, agintean egon diren gobernuek ez dute onartu orduko altxamendua terrorismo ekintza izan zenik. Lau haizetara gogoan koordinakundea lanean dabil zigorgabetasunaren harresiarekin amaitzeko eta euren ustez bada garaia eskatutakoa betetzeko: egia, justizia eta erreparazioa. Ekitaldiaren amaieran gogora ekarri zuten Saturrango espetxe frankistan preso egondako baten (Ana Morales) hitzak: " Ez negarrik egin, gogora gaitzazue".