Otsailaren 22an Latiorroko eskolako Jesuri Guraso Elkarteak ezohiko batzar orokorra izan zuen. Batzar horretan gai bakarra zuten, WIFIren erabilera hain zuzen. Aparteko batzar horretan batetik gurasoek geletan wifiren erabileraren alde edo kontra bozkatu behar zuten eta bestetik, Eskola 2.0. egitasmoari begira, kablearen bidezko lotura ezartzeko eskaeraren alde edo kontra azaldu behar ziren. Gehiengo osoz eskolan wifiren erabileraren kontra azaldu ziren eta hari bidezko lotura ezartzeko eskatzearen alde agertu ziren gurasoak.
Eusko Jaurlaritzak, aurreko ikasturtean, Eskola 2.0. egitasmoaren barruan WIFI bidezko konexioa ezarri zuen ikastetxe publikoetan.Halaber, lehen hezkuntzako 3. zikloko (5. eta 6. maila) ikasleentzat ordenagailu eramangarriak jarriko ditu. Iaz, zenbait ordenagailu eramangarri eraman zituen eskoletara eta aurten falta direnak jarriko omen dira. Herri eta eskola batzuetan makina bat guraso zein irakasle eskoletako geletan wifiren erabileraren aurka azaldu dira. Eskola 2.0. egitasmoan hezkuntza sailak wifiren bidezko konexioa baina ez du baimentzen eta ez du bestelako aukerarik uzten. Azken egunetan, otsailean, Lezoko Herri Eskolari, ordenagailu eramangarriak jaso eta gutxira, kendu dizkiote Eskola 2.0. egitasmoa kable bidez aurrera eramaten baitzuen. Lezoko Herri Eskolako gurasoak, irakasleak eta zuzendaritza taldea wifiren erabileraren aurka azaldu dira.
Latiorroko eskolako Jesuri Guraso Elkarteak sinadura bilketari ere ekin dio eta martxoaren 10era arte, eskola "gune zuria edo babestua" izateko bidean, ahalik eta sinadura gehien biltzen ahaleginduko da.