2010ean aurkeztutako film laburren hautaketa egin du EITBk eta hautatuen artean Aiaraldeko Luis Vilen El secretista eta Flores de papel, eta Patxi Urkijoren Atzo!/Ayer! film laburrak ditugu. EITBk egileekin egindako hitzarmenaren bitartez datozen hiru urteetarako eskubideak erosi ditu, lehendabiziko urtean esklusibitatea izanik. Hitzarmen horri esker EITBk film laburrak eman ahal izango ditu irekian, kable, satelite edo interneten bidez.
Luis Vilen iritziz, hautatua izatea ezusteko pozgarria izan da eta lagungarria proiektu berriak abian jarri ahal izateko. Izan ere, zinemagile amurrioarrak gogora ekarri digu, egindako film laburrak aurrera eramateko ez duela diru-laguntzarik izan eta EITBtik jasotako diru-laguntza , askorik ez bada ere, baliabide teknikoetan inbertitzeko baliagarria izango dela. Horrez gain, Luis Vilen esanetan, edozein artistak edozer sortzen duenean, lan hori ahalik eta gehien zabaltzea du helburu eta alde horretatik, berri ona izan da EITBk hautatu izana, film laburrak ezagutzeko eta zabaltzeko aukera ona baita.
Aukeratutako film laburren artean, Patxi Urkijo zinemagile laudioarraren Atzo!/Ayer! film laburra dugu. Trilogia bateko lehendabiziko zatia da, Atzo! Gaur! eta Bihar! filmek osatutako trilogia, hain zuzen. Proiektu horren azken laburmetraia, Bihar!, azaroan amaitu zuen zinemagile laudioarrak eta 45 minutuko hiru film laburrekin osatu du trilogia.
Aiaraldeko zinemagile hauen lanekin batera, beste film labur batzuk ere hautatu dituzte. Esaterako, batzuk aipatzearren, Koldo Almandoz zuzendariaren Desio ehiztaria, Asier Altunaren Artalde film laburra edo Angel Aldarondoren Ondar ahoak. Aukeratutako film laburretan denetariko gaiak landu dira eta iraupen aldetik ere, 4 minutukoak zein 45 minutukoak topatu ahal ditugu. Luis Vilen azken lana esaterako, Flores de papel, Aiaraldeko ASASAM elkartearekin elkarlanean egin du zinemagile amurrioarrak eta ASASAM elkartera hurbiltzen direnen kezkak plazaratu nahi izan ditu.