Aurten ere Amurrion aukera izango dugu Euskal Herriko haur kantari txapelketaren kanporaketako bat ikusteko. Arabako haur kantari txapelketaren finala hain zuzen. Ekimen horren bultzatzaileak, Euskal Kantuzaleen Elkartea Kantagintza eta Laudioko Basalarrina Euskal topagunea, ekitaldi hau prestatzen hasi dira eta dagoeneko izena ematea zabalik dago.
Aurreko urteetan bezala, lehiaketa honen helburuak ondorengoak dira: galtzear dauden abestiak gogoratzea, euskal kanten aberastasuna zabaltzea eta kantari berriak plazaratzea. Ohi bezala, bi maila izango dira: lehenengoan 6-10 urte bitartekoak eta bigarrenean 11-15 urte bitartekoak. Halaber, epaimahaiak sailkapena egiteko orduan kontuan izango du banaka, binaka edo taldeka egindako lana.
Amurrioko finalean, maiatzaren 21ean, epaimahaiak saridunetatik 4 aukeratuko ditu, Euskal Herriko finalean Arabako ordezkariak izateko. Euskal Herriko finala Hazparnen egingo da ekainaren 5ean eta bertan Euskal Herriko lurralde guztietako kantariak izango ditugu lehian.
Izena emateko edota zalantzak argitzeko Euskal Kantuzaleen Elkartea Kantagintzarekin harremanetan jartzeko: Juanjo Zelaia (946743262/ 630476820) eta Igone Beloki (944404423 / 667016924) igonebeloki@euskalnet.net edo Basalarrina Euskal Topagunearekin: gazteluzar@irakasle.net .