Aiaraldean bola-jokoa tradizio handiko jokoa dugu, bertan Aiarako bola-joko eran aritzen dira, aiararra edo Aiarako erremonte izenez ere ezaguna. Aurten ere, Bola Toki Luiaondo Elkarteak neguko bola-joko txapelketa antolatu du eta aurreko asteburuan Aiaraldeko kirol honen zaletuak Luiaondoko bolatokira hurbildu dira txapelketari hasiera emateko.
Datozen bi asteburuetan ere, bolariek berriro jokatu beharko dute. Larunbatetan arratsaldez arituko dira eta igandeetan goizez jokatuko dute. Lehendabiziko asteburuan, Bola Toki Luiaondo elkartekoak, Ruperto Urkijo Bolo Klubekoak eta beste talde batzuetako bolariak izan dira Luiaondoko bolatokian.
Bolariek hiru asteburu izango dituzte txirloak eta txikerra botatzeko, asteburu hauetako puntuaketa batuko da eta puntu gehien batzen dituena txapeldun berria izango da. 2010ean, neguko txapelketan, Bernardo Barcenas garaitu zen, aurtengoa otsailaren 6an ezagutuko dugu.