Elektromagnetismoak (telefono mugikorrak, wifi, antenak...) gure osasunean sortu ahal dituen kalteen berri eman du Irune Ruiz Zamakonak -EKEUKO taldeko kidea- mintzagela aretoan emandako hitzaldian. Elektromagnetismoak kaltetuen euskal koordinakundeak -EKEUKO- 2001ean sortu zen Basaurin, bertako zenbai herritar kezkaturik baitzeuden telefono mugikorretarako antenek sortutako osasun-kaltearekin.
Laudioko ikastetxeetako guraso batzuek antolatuta, asteazken honetan Wifi geletan, osasun-kaltea gure seme-alabentzat? izeneko hitzaldira 45 lagun hurbildu dira eta bertan EKEUKO-ko kideak elektromagnetismoak osasunean duen okerreko eraginaz ohartarazi du. Hizlariaren esanetan, eskoletako wifiren ezarpena dela eta, garrantzi handikoa da gizartearen aldetik erantzun sendoa ematea eta horren aurkako jarrera aktiboa azaltzea. Hemendik urte batzuetara gure osasunean igarriko da oraingo kutsadura elektromagnetikoaren eragina eta aditu honen arabera, guztion osasunaren mesedetan jokatu beharrean , interes ekonomikoak lehenesten ari dira erakundeetako arduradunak. Gainera, Itziar Ruiz Zamakonak esan bezala, gure ongizatea babestu behar zutenek, ardura politikoak dutenak, behin baino gehiagotan oso lotura handia dute telekomunikazio enpresa handiekin.
Eusko Jaurlaritzak WIFI bidezko konexioa ezarri du Eskola 2.0. egitasmoaren barruan eta horrekin batera 5. eta 6. mailetako ikasleentzat ordenagailu eramangarriak jarriko ditu. Egitasmo horretan euren iritzia eman ahal izatea izan da guraso eta ikastetxe askoren eskaria. Halaber, guraso eta ikastetxe askok sarerako lotura hari bidezkoa ezartzea eskatu dute baina hezkuntza sailak eskola 2.0. egitasmorako wifi baino ez du onartzen. Hizlariak, Irune Ruiz Zamakola, adierazi du etorkizuneko lotura zuntz optikoa izan daitekeela eta horren adibide Frantziako eta Alemaniako zenbait erakundek hartutako bidea, zuntz optikoaren ezarpena hain zuzen.
Hitzaldira hurbildu direnen aldetik, asko izan dira hizlariari egindako galderak eta EKEUKO elkartekoak, entzuleek egindako galderei erantzuteaz gain prest azaldu dira aurrerantzean ere, gai honen inguruan eman beharreko informazioa emateko edota hitzaldi gehiago antolatzeko. Elektromagnetismoak eguneroko jardunetan duen eraginaz jabetzeko, informazioa ezinbestekoa da EKEUKO elkarteko kideen esanetan.