Aurreko urteetan bezala, Sahararen aldeko janari bilketa egingo da Aiaraldeko zenbait herritan. Izan ere, egunotan VII. Sahararen aldeko euskal karabana: piztu itxaropena ekimena abian dago, Sahararen Aldeko Euskal Koordinakundeak antolatua eta Euskal Fondoaren laguntzaz. 2011ko otsailean aterako den karabanaren helburu nagusia Saharako errefuxiatuei ahalik eta elikagai gehien eramatea da, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetan pairatzen duten elikagai falta asetzeko nahian.
Amurrioko eta Laudioko zenbait supermerkatutan datozen egunetan janari bilketa egingo da. Amurrion, esaterako, urtarrilaren 14an eta 15ean Eroski, Dia, eta Berriak supermerkatuetan egingo da bilketa. Laudion, berriz, urtarrilaren 28an eta 29an, Eroski eta Berriak supermerkatuetan, emakumeen elkarte biren laguntzarekin, elikagaiak batuko dira.
Bestalde, urtarrilean Amurrioko zein Laudioko ikastetxeetan ekimen hau bultzatuko da. Bertan, ikastetxeetan, aurreko urteetan oso erantzun ona egon da guraso, ikasle zein irakasleen aldetik. Datorren hilabetean, otsailean, Tindouferako bidean jarriko dute jasotako laguntza. Aurten atuna oliotan, azukrea, arroza, dilistak eta konpresak izango dira karabanarako batu beharrekoak.