Aste honetan Laudioko mintzagela aretoan "Bake bidean aterabide demokratikoen akordioa" aurkeztu dute. Gernikan, irailaren 25ean, Euskal Herriko hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek sinatu zuten akordio hau, konpromiso batzuk hartuz eta eskaerak eginez, ETA zein Espainia eta Frantziako gobernuei indarkeriarik gabeko bake egoera eta normalizazio politikora iristeko.
Gernikako Akordioaren sinatzaileak herriz herri ituna gizarteratzeko ekimenak ari dira antolatzen. Aurreko asteartean, urtarrilaren 4an, Gernikako akordioaren sinatzaile diren Laudioko hainbat eragile batu ziren eta akordioa laudioar guztiei zabaltzeko lehendabiziko urratsa eman zuten.
Datozen asteetan, akordioa gizarteratzea eta atxikimenduak lortzea dute helburu Laudioko eragileek. Hori dela eta, datorren asterako hurrengo hitzordua jarri dute talde horiek, urtarrilaren 15ean Laudioko mintzagela aretoan arratsaldeko 18:00etan hain zuzen. Eragile hauek bilera honetan parte hartzeko deia, kultur elkarte zein norbanakoei luzatu diete.