Egun hauetan Laudioko Lankaietako Lagunak txistulari taldeak 35 urte bete ditu. Izan ere, 1976ko urtarrilean zenbait musikarik Gotzon Palacios txistulariaren zuzendaritzapean taldea sortzea erabaki zuten. Hala ere, txistulari hauek lehenago hasiak ziren gure herriko kale eta bazterretan txistu doinuak zabaltzen. 1973an, musika bandaren menpean, Javi Latorreren zuzendaritzapean musika akademia sortu zen.
1976ko Gardeako jaietan, maiatzean, Ascenen tabernan Juanjo Garaio, Gotzon Palacios eta beste batzuek taldearen izena zein irudia sortzen dute. Irudi horretan Donemiliagako Egilatz auzoko Aizkomendi trikuharria, dantzaria, txistua, alboka, dultzaina eta danbolina azaltzen dira.
1981ean zoritxarrak txistularien familia gogor jo zuen, ordura arteko zuzendaria, Gotzon Palacios, istripuz hil baitzen. Orduan, Josune Ibarra txistulariak lekukoa hartu eta kultur elkarte honetan zuzendari lanetan ibili zen urtebetez. 1982an, zatiketa baten ostean, Ekin Joleak taldea sortzen da eta Lankaietako Lagunak taldean Txetxu Solaun txistularia zuzendari lanetan hasi eta gaur egunera arte bera dugu ardura horretan.
Talde honek entseguetarako zenbait areto ezagutu ditu 35 urteko ibilbide honetan, hasiera batean tren geltokiaren aurreko postetxearen eraikinean, eskola ere bertan zegoela (sorospen etxearen ondoan) eta horren ostean, ondoko tabernan. 1982an, abadearen etxean izan zuten hurrengo egoitza eta hortik Lamuza parkeko musika-etxera, Santa Lucia abesbatzak utzitako lokalera. 1987an musika-etxean bertan, udalak beste gela batera bidali zituen txistulari hauek eta 2004ko apirilean, eraikinaren egoera txarra zela eta, udaletxe zaharreko 3. solairura joan ziren txistulariak. Gaur egun bertan dira.
Musikari talde hau, urte osoan ibiltzen da auzoz auzo zortzikoak, biribilketak eta euskal doinuak jotzen gure herriko kaleetan. Halere, noizbehinka beste herri batzuetara ere hurbildu da alarde, kontzertu edo kalejira batean parte hartzeko. Esaterako, urte askotan Gasteizko Petrala jai taldearekin batera Gasteizko jai giroan parte hartu du.
Josune Ibarra Orueta txistulariaren esanetan, edozein ekitaldi berezia bada ere, inauterietako emanaldia, txistulari guztiak mozorraturik doazela, edo Santa Zezilia eguna, musikarien zaindaria, egun bereziak dira. 35 urte hauetan txistulari ibili den Josune Ibarraren iritziz txistulariak egon badaude gure herrian, gogotsu eta ilusioz beterik; halere harrobian, haurrengan, ez dira nahi beste ikusten.
Taldearen sorreratik, asko izan dira bertatik igaro diren txistulariak, haiei eta Laudioko txistulari guztiei esker gure herriko jaietan, auzoetako jaietan, hilabeteko lehenengo igandeko kalejiran edota Olentzeroren kalejiran txistu doinuak entzuteko aukera dugu.