Urtero lez, Laudioko ikastetxe guztietako ikasleek gabon kanten emanaldia eskaini dute Granja kiroldegian. Lateorro LHI, Fabian Legorburu LHI, Laudio Ikastola, Lamuza LHI, La Milagrosa, Institutua eta Landaluze Musika eskola izan dira kiroldegiko bazter guztiak musikaz eta umez betetzeko arduradunak. Urtetik urtera Basalarrinak antolatzen duen ekitaldi hau sendotzen joan da eta, gaur egun, eskolako umeek gabonetako oporrak hartu baino egun batzuk arinago, ezinbesteko hitzordua dugu ekitaldi hau guraso zein kantuzale guztiontzat.
Kantari eta musikari asko izan ditugu oholtza gainean, musika tresnetan denetarik entzuteko aukera izan dugu: pianoa, gitarra, panderoa, soinu txikia, akordeoia... Halere, soinu tresna berezia izan dugu: adarra. Zenbait artista deiadar mendietan egiten zen moduan adarra jotzen ibili dira kanten aurretik eta ekitaldiari amaiera emateko.
Aurreko urteetan bezala gaurko kantak eta irudiak, Olentzero eguneko irudiekin batera, hemendik hilabete gutxira DVD batean izango dituzte kantaldi honetan parte hartu duten guztiek. Gaur zortzi, arratsaldeko 18:00ak aldera, Olentzero etorri behar zaigu, eta orduan, gabon kanten emanaldi honetan bezala, ekitaldia amaitzeko denok batera abestuko dugu: Hator, hator mutil etxera...