Idazkietan azaldu bezala, 964. urterako txakolina ekoizten zuten haraneko nekazariek eta idazki zaharretan azaltzen den moduan, San Victor eta Santiago de Gardea monasterioei dohaintzan emandako mahastiak azaltzen dira.
Ordutik mila urte baino gehiago igaro direnean , Beldui Santi Victoris et Santi Jacobi Brut nature ardo apardunak 90 puntu lortu ditu Parker gida entzutetsuan. Robert Parker estatubatuarrak zuzentzen duen aldizkarian, The win advocate delakoan, herri askotako ardoak aztertzen dira eta ardo kontuetan gidarik ospetsuena dugu.
Parker gidan gehienez 100 puntu lortu ahal dira, eta Laudioko ardo apardunak beste, 90 puntu, lortzen dituztenak ardo bikainak dira adituen esanetan. Beldui upategiko Rosari galdetuta ea non dagoen emaitza horren gakoa, sekretu bakarra dagoela esan digu: egiten duten horretan sinestea, maitasunez egitea.
Belduiko ardo apardunak badu beste berezitasun bat, hondarribi zuri mahatsa erabilita oso ardo apardun gutxi egiten dira, Euskal Herrian hiru upategitan baino ez da egiten. Ardo aparduna elikagai askorekin ondo uztartzen da eta gure kulturan ardo hori oso lotuta dago ospakizun bereziekin. Beldui upategiak ardo gidetan, aurretik ere, aipamen bereziak izan ditu, Gourmet gidan eta Peñin gidan, esaterako .