Zenbait euskaltzale batu dira gaueko 9ak aldera Laudioko erdigunean Xabier Leteri gorazarre xumea egiteko. Ekitaldi honen bitartez gogora ekarri nahi izan dute euskal kulturaren alde Letek egindako ekarpen itzela. Xabier Lete euskal poeta eta kantaria Oiartzunen jaio zen eta Ez dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen.
Laudioko plazan bildutakoek Leteren "Xalbadorren heriotzean" eta "habanera" abesti gogoangarriak abestu dituzte. Ekitaldi honi amaiera emateko bertsozaleek horren gustuko duten habanera doinua erabiliz ondorengo bertsoa abestu dute
Xabier Leteri agur
Ez dok Amairu(re)n sortzaile, frankismo(a) eginbidea
Lurdes, Lertxundi, Artze(re)kin, eskatzen libertadea,
Arestiren poesia, soziala zen zurea
geroago nihilismo, etsipen ta atsekabea,
Xalbador bertsolari(ar)en, poeta-adiskidea.
Euskal Herriko kulturan, lan eskerga, dotorea:
musikari, zein idazle, denetan zinen jabea
beti gogoan izango, dugu zure ondarea.
(bertsoa: Karla)