Euskararen egunean, Basalarrinak antolatuta, kantu afaria izan dugu Kale Danetan musika elkartearen eskutik. Kantu afariaren aurretik kantuzaleek eta musikariek Laudioko kaleak kantuz bete dituzte. Basalarrinaren egoitzatik abiatu dira eta horrelako egun seinalaturako kantuzaleek abesti ezin aproposagoa aukeratu dute kantuan hasteko: Txoria Txori. Mikel Laboaren abesti gogoangarria, Artze poetak idatzia, abiapuntu ezinhobea eztarriak berotzeko eta kaleko giro hotza epeltzeko.
Kalean apurka-apurka kantuzaleen taldea handituz joan da eta gure kaleetan entzun ahal izan ditugu euskal kantutegian horren ezagunak diren: Baratze bat, ikusi mendizaleak, loretxoa…
Kalejiraren ostean kantuzaleek afaria egin dute Basalarrinan eta bertan Aiaraldeko Isa soinujoleak (Arespalditza), Olga panderojoleak (Llanteno) eta Kale Danetan musika elkartekoak, afalostean doinu eta abesti herrikoiak jo dituzte. Kantuzaleek kalean zein afarian ederto bete dute Mikel Laboaren kantak dioena: "kantuz sortu naiz eta kantuz nahi bizi “
Argazki galeria ikusteko hemen
Argazkiak: Koldo Zabala