2021eko udazkenean, hezkuntza lege berria sortzeko lehendabiziko urratsak eman ziren legebiltzarrean, aldez aurretik zenbait taldek adostu zuten lege honen norabidea.
Hasierako fase horretan partehartze prozesua zabaldu omen zen eta horren ondorioz 100 eragile baino gehiago igaro ziren legebiltzarreko hezkuntza ponentziatik eta euren iritzia eman zuten. Hezkuntza Sistema Publikoaren alde gaudenon aldetik, kezka handiz bizi izan genuen balizko lege honen inguruan jasotzen genuen informazioa eta 2022ko apirilaren 7an hezkuntza lege berrirako oinarriak onartutakoan gure kezka guztiak baieztatu ziren, euskal eskola publikoaren eragile nagusien (EHIGE-Euskal Herriko gurasoen elkarteen konfederazioa- eta HEIZE -Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioa-) ekarpenak baztertu zituzten.
2022ko udazkenean eskola publikoaren aldeko aldarria ozen entzun zen gure kaleetan, azaroaren 5ean 10.000 pertsona baino gehiago Bilboko kaleetara atera ginen eta mezu argia genuen: Hezkuntza lege honi ez!.
Horren ostean, hezkuntza publikoko langileon greba egunak etorri ziren eta gehiengo sindikalak (ELA, LAB, STEILAS) Lakuako Gobernuak 2022ko irailean aurkeztutako Hezkuntza lege-aurreproiektuaren zirriborroaren aurrean mezu argia helarazi zion gizarteari: sare publiko bakar, euskaldun eta propioa behar dugu.
Hezkuntza lege berriak sistema publikoa ahultzea eta itunpeko sarea indartzea ekarriko du
2023ko apirilean Hezkuntza legearen proiektua argitaratu zen eta berririk ez, “Euskal Hezkuntza-Zerbitzu publikoa”ren aterkipean maila berean bildu nahi ditu ikastetxe publiko zein itunpekoak. Berriro ere egunotan Legebiltzarreko hezkuntza batzordetik hezkuntzako eragileak, elkarteak, adituak igaroko dira. Tamalez, 2021eko udazkenetik hona aldaketa gutxi, hasierako gidoitik ez dira atera lege honen sustatzaileak.
Partehartze prozesutik ezer gutxi izan du lege honen ibilbideak eta eragileen entzuketa (ez aktiboa) baliatu dute euren hasierako asmoa, pribatizazioa betetzeko, sasipartehartzearen makilajearekin.
Itunpekoen sarea indartzen du lege honek eta eskola publikoa ahuldu. Zoritxarrez gure eskualdean hasi gara murrizketak pairatzen: Zabaleko ixteko arriskuan, Mendikon murrizketak, jantokietan murrizketak, Aretako eskolako 2 urtekoen gela itxi nahi, Lamuzan…
Hezkuntza sistema publikoa ahultzeak gure gizartean izugarrizko arrakala sortzen du, lege hau baztertzailea delako gutxien dutenentzat eta lege honen kontra gaudenok argi dugu, ez dugu horrelako gizarte eredu batean bizi nahi.
Gure eskualdean hasi gara murrizketak pairatzen: Zabaleko ixteko arriskuan, Mendikon murrizketak, jantokietan murrizketak, Aretako eskolako 2 urtekoen gela itxi nahi, Lamuzan…
Guk argi dugu, sare publikoa handitzea eta sendotzea herritar guztiontzako eskubideen bermea da.
Euskara ere galtzaile aterako da, atzera egingo dugu, duela egun gutxi, maiatzaren 31n hezkuntza batzordean honakoa bota zuen Bildarratz hezkuntza sailburuak: ikastordu ia guztiak gaztelaniaz ematea ahalbidetuko du EAEko hezkuntza legeak.
Zenbat ekimen egin diren D eredua sustatzeko! hutsuneak hutsune, horrek euskaldundu ditu milaka haur, 3tik 2 eskola publikoan. Zelan da posible ahalbidetzea ordu gutxiago euskaraz izatea eta euskaldun eleanitzak lortzeko bidean emaitza hobeak izatea?
Gezurra ari du eten gabe, baina guk abestiak dioen bezala, argi dugu: Zaindu maite duzun hori. Jagon hezkuntza publiko, euskalduna eta propioa.
Ostiral honetan, ekainak 9, Urduñatik 16:41ean abiatuko den trenean batuko gara Bilboko manifestaziora joateko. Hezkuntza lege honi ez!
Esti Garmendia
Monica Miguelez
Maria Ruiz
Koldo Zabala
Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Bizirik! Taldeko kideak