Gaur egungo gizartea hibernazio egoeran dagoela ez da ezer berririk esatea. Harrigarria da nola ohitu garen eskubideen murrizketa eta zapalketei inolako erantzunik ez ematea, baina harresi hori gainditu behar dugu hala edo nola. Herrien egoera etengabe aldatzen da, norabidea pertsonek zehazten dugu, sarritan ardien antzera, eta hor dago koska: nola atera gintezke jatorrizko bidetik demokrazia erreal batera, pertsonen eskubideak behar den moduan bermatu ahal izateko? Gurea den erabakitzeko eskubidea defendatzen, tresna juridikoak ezagutuz, landuz eta egokituz, bide berria eraikitzeko. Gure Esku Dago Euskal Herriak behar duen iratzargailua da, ardi beltzez osoturiko elkartea, norabide berri baten bila.
Ez dira gutxi galdetzen didatenak, ea zerbait lortuko dugun. Askotan emaitzak ez dira berehalakoak, kontsultak, batez ere, demokraziaren ariketak dira, gizartearentzat beharrezkoak direnak, herria indartzeko eta bere subiranotasuna eraikitzeko.
Zertarako jaso genituen sinadurak? Gutxi batzuk garela entzuten dut maiz, horrek barneko barea sortarazten dit, elkartasuna bizirik dago urri batzuen bihotzetan. Lortu genuena ez zen soilik sinadura kopuru bat gainditzea, 4.190 pertsonen esnatzea ere. Hurrengo maiatzaren 6an Aiaraldean herri galdeketari ekingo diogu, gure geroa erabakitzeko. Hezkuntza, hizkuntza, kultura, osasuna, erakundeak eta legeen jasotzaile eta babesle herria izan behar delako. Nora goaz? Bide berri bat eraikitzera, gure esku dago eta.