Aste bete jada, Covid-19a eteteko asmoarekin, Espainiako Gobernuak etxean konfinatuak egotera behartu gintuela. Hasieran hamabost eguneko itxialdia izango zela iragarri ziguten arren, ondo baino hobeto bazekiten gure etxean geratzearen kontua denbora gehiago luzatuko zela. Salbuespen-egoera honek agerian utzi ditu zenbait arazo: batetik zaintzaren inguruan dagoen hutsunea eta bestetik gure administrazio-eredua egokitzeko duen beharra.
Lehenengoari dagokionez, hezkuntza sailak ikastetxeak ixteko hartutako erabakiaren ondorioz, koronabirusa bera baino larriago daukagun arazoa azaleratzea lortu du. Administrazioek deliberazio hori hartu eta gero gure zaintza-antolamenduan dagoen hutsunea nabarmendu dute, buru pentsalari horiek norekin espero zuten utzi beharko genituela geure seme-alabak? Haurren zaintza nori egokituko ote zitzaiola pentsatzen zuten? Inolako dudarik gabe esan genezake guraso gehienek lanean diharduten bitartean, etxeko txikiak aiton-amonen zaintzapean geratzen direla. Horra hor lehenengoari erantsita doakion bigarren ideia txarra; gure nagusiak, kolektibo ahulena, eta birusaren eramaileen arrisku handieneko taldea elkartzea.
Gauzak horrela, bolondres sareak sortuz herritarrak bete izan dute administrazio publikoek bete ez duten hutsunea. Behin sareak martxan ari zirela, ondoren ikusi izan duten akatsa konpontzeko nahian, Eusko
Jaurlaritzak, Aldundiak eta Udalek arazoari aurre egiteko xedearekin herritarrek emandako norabidea hartu dute.
Gazte batzuk elkartu, arazoa identifikatu eta laguntzeko prest agertu dira. Arazoa edonor bere buruari galdetu dakioeken galderen bidez identifikatzen da: Pertsona nagusiak etxean isolatuak geratuko dira... nor arduratuko da euren erosketez? Edo haien zaborra ateratzeaz? Eta oraindik lanera joan behar duten
guraso askok, haurrak norekin uzteko aukerarik ez dutenek, norekin utziko dituzte? Euren laneko eskubideei uko egin beharko diete, administrazioak bermatzen jakin ez duelako?
Eta gazteek, oraindik zama handiko erantzukizunak ez dituztenez, egoera honetan zer egin dezaketen galdetu diote elkarri. Nola bideratuko dira beharrak, zelan koordinatu eta asetuko dira? Oso ordu gutxitan, gazteek, bai, gazteek, administrazioek utzitako arazoari irtenbidea aurkitu diote: antolakuntza.
Zergatik gure administrazioak ez daude prest gizarte arloan salbuespeneko egoera baten aurrean erabaki egoki bat hartzeko? Oso argi dago, egoera arruntenetan erantzuna emateko gai ere ez direlako. Herritarrak, aldiz, oso ohituta daude elkarlanera, auzolanera eta elkartasunera. Adituak dira herria salbatzen.