Joan den larunbatean Espainiako Gobernuak Alarmako Estatua ezarri eta COVID-19 koronabirusaren hedapena geldiarazteko neurri ugari hartu zirenetik, Laudioko Udaltzaingoak prebentzio-kontrolak egin dizkie kalean dabiltzan pertsonei, justifikatutako arrazoi batengatik egiten duten ala ez jakiteko.
Era berean, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren patruila bateratuak ibilgailuei kontrolak egiten ari zaizkie, justifikatutako arrazoiekin zirkulatzen duten ala ez jakiteko, eta baimendutako arrazoirik ez badute, salaketa jarri ala ez baloratzen da.
Kontrolak egunez eta gauez
Laudion alarma-egoera hasi zenetik, Udaltzaingoak 10 laguni ere isuna jarri die, baimendutako jarraibideen kontra doazen arrazoiengatik. Horietako hiru astelehen goizean, hilak 16, plaza batean edari alkoholdunak kontsumitzen ari zirela.
Zehatutako pertsonetako batek justifikatu gabeko arau-hauste bera egin zuen arratsalde hartan bertan, beste gazte batekin batera etxebizitza batera edari alkoholdunez betetako poltsa bat zeramala harrapatu zutenean. Gauean, arrazoi justifikaturik gabe ibiltzen ari zen bikote bat ere zigortu zuten. Asteartean, hilak 17, udalerrian gaueko ordutegian auto batean zihoazen hiru gazte zigortu zituzten, irteera justifikatzeko arrazoizko azalpenik eman ez ziotelako poliziari.
Egun hauetan, 40 pertsona baino gehiago eta 20 ibilgailu inguru identifikatu dituzte, zigorrik gabe. Kasu horietan aplikatzen den zehapena Herritarren Babesari buruzko Lege Organikoaren izaera larriko bati dagokio: 601 eurotik 10.400 eurora gutxieneko graduan, 10.401 eurotik 20.200 eurora erdiko graduan, eta 20.201 eurotik 30.000 eurora gehieneko graduan. Zehapenaren zenbatekoa Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko kabinete juridikoak adierazten du.
Ministroen Kontseiluak asteburu honetan onartutako Errege Dekretuaren arabera, herritarrek etxean egon beharko dute datozen 15 egunetan, eta honako kasu hauetan bakarrik atera ahal izango dira kalera:
• Elikagaiak, produktu farmazeutikoak eta behar-beharrezkoak eskuratzea (gasolina, adibidez).
• Osasun-zentroetara joatea.
• Lantokira joatea lan-, lanbide- edo enpresa-zerbitzuak emateko.
• Ohiko bizilekura itzultzea.
• Adinekoei, adingabeei, mendekoei, desgaitasuna duten pertsonei edo bereziki ahulak diren pertsonei laguntza eta zaintza ematea.
• Finantza-erakundeetara eta aseguruetara joatea
• Ezinbesteko kausagatik edo premia-egoeragatik.
• Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala justifikatuta (txakurrak paseatzea, adibidez).
Hori bai, kasu guztietan, pertsona bakarra aterako da etxetik baimendutako jarduera horietako edozein egiteko. Autoz joanez gero, pertsona batek bakarrik egin dezake bidaia ibilgailu bakoitzeko. Salbuespena desgaitasunen bat duten pertsonak izango dira, eta haiekin joan ahal izango dira.
Laudioko alkate Ander Añibarrok, beste behin ere, lasaitasuna eta erantzukizun indibiduala eskatu ditu egoera kolektiboa hobetzeko, alarma-egoera honetatik lehenbailehen atera ahal izateko. "Laudioko herritar guztiei eskatzen diet, mesedez, egoera larriaz jabetzeko, arduraz, ordena bat mantentzeko gai izan gaitezen, betiere osasun- eta segurtasun-agintariek ezarritako gomendioak errespetatuz. Garrantzitsua da etxetik ez irtetea, aipatutako kasuetan izan ezik, eta Udaltzaingoaren esanei uneoro jarraitzea".