Hainbat astez bertako azokak ospatu gabe egon ostean, Laudiok bere presentzia eta zerbitzua berreskuratuko ditu ostegunetik aurrera. Neurri hori Eusko Jaurlaritzak, Segurtasun sailaren bidez, azken erabakia udalen esku uzten duen irizpide berri bat onartu ondoren gertatzen da.
Horrela, Laudiok, beste behin ere, bere babesa berretsi die bertako ekoizleei eta Aldai Plazan ohiko postuak jartzeko baimena eman du. Hala ere, segurtasun neurri zorrotzen artean egin beharko dute azoka, haien osasuna eta herritarrena bermatzeko.
Joseba Amondo Zerbitzu eta auzoetako zinegotziak azaldu duenez, “Eusko Jaurlaritzak finkatzen dituen neurri eta gomendioetaz gain, Udalak baserritarrei eskatuko diegu postuen arteko bost metroko distantzia errespetatzeko, eta bezeroak banan-banan artatzeko, metro batez bereizita, haien osasun segurtasuna bermatzeko”. Gainera, "Udalak maskara batzuk emango dizkie ekoizle guztiei, osasuna eta higienea zaintzeko", esan du zinegotziak.