Laudiok eraso matxisten aurkako protokoloa prestatu du

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2022ko abu. 5a, 16:06

Sanrokeetan, Berdintasuna ardatz hartuko duten bertso saio bat eta familiei zuzendutako ikuskizun bat egongo dira. Beldur Barik-en indarkeria sexistarik gabeko gunea herritarren eskura egongo da hilaren 15ean, 25ean eta 27an.

Indarkeria matxistak urte osoan irauten du. Laudioko Udaleko Kultura eta Jai eta Berdintasun sailek hamarkada bat baino gehiago daramate elkarrekin lanean, hainbat ekintza, neurri eta kanpainaren bidez berdintasunaren aldeko eta emakumeen eta LGTBI+ pertsonen (lesbianak, gayak, transak, bisexualak eta intersexualak, bai eta beren gorputzak, generoak eta sexualitateak arauditik kanpo dituztenak ere) aurkako indarkeriaren kontrako borrokaren aldeko konpromiso sendoa agertzeko. Bi sailek diseinatutako azkenak kartel itxura hartuko du sanrokeetan, eta eraso baten aurrean jarduteko oinarrizko jarraibideak jasoko ditu.

“Erasotzen bagaituzte, edo eraso baten lekuko bagara jarraitu beharreko jarraibideak jasotzen dituen kartela diseinatu dugu. Herritarrak inplikatzea espero dugu, Laudion horrelako jokabideek ez baitute lekurik. Jaietako ekitaldiez berdintasunean, askatasunean eta errespetuan goza eta parte har dezagun”, adierazi dute Maite Cortazar Kultura eta Jai Zinegotziak eta Loli Muriel Berdintasun Zinegotziak.

2018az geroztik, Udalak “Laudioko aisialdi edo/eta jai guneetan gertatzen diren eraso matxisten aurrean jarduteko tokiko protokoloa” du, jaietan zein aisialdirako guneetan errespetuz gozatu ahal izateko, inolako indarkeria matxistarik jasan gabe.

Aurten ekintza hauek egingo dira:

  • EZ DA KASUALITATEA. BERTSO SAIO MUSIKATUA. Abuztuaren 24an, Lamuzako parkean, arratsaldeko 19:00etan. Hiru bertsolarik, Izar Mendigurenek, Uxue Alberdik eta Onintza Enbeitak, bi musikariri lagunduz (biolina + gitarra) "ez da kasualitatea" aurkeztuko dute: umorea, jolasa, hausnarketa, emakumeen arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartzen dituen saioa.
  • GORA BIHOTZAK! Familiei zuzendutako ikuskizuna. Abuztuaren 27an, Lamuzako parkean, arratsaldeko 19:00etan.
  • INDARKERIA SEXISTARIK GABEKO GUNEA (Beldur Barik gunea, Batzalarrin kalea). Abuztuaren 15ean, 10:00etatik 13:00etara, abuztuaren 25ean, 19:00etatik 22:00etara, eta abuztuaren 27an, 19:00etatik 22:00etara.
HELBURUAK
  • Emakumeak eta herritar guztiak indarkeria sexistaren inguruan kontzientziatzea.
  • Jaietan emakumeek indarkeria sexistaren inguruan dituzten bizipenak, iritziak eta interesak jasotzea.
  • Laguntza- eta elkartasun-espazio bat bistaratzeko eta indarkeriari aurre egiteko bitartekoak errazteko erreferentziazko gunea sortzea.
  • Erasotzaile posibleei, dena ez dela librea eta erasoak daudenean erantzuna izango dutela ohartaraztea.
  • Emakumeek euren buruak defendatzeko duten gaitasunaz jabetzea eta horretarako bitartekoak eta lan-tresnak eskaintzea.

Era berean, Laudioko Udalak, SIDALAVAren laguntzarekin, nerabeek eta gazteek sexu-harremanetan preserbatiboa erabiltzeko eta sexu-transmisiozko infekzioak edo nahi ez diren haurdunaldiak prebenitzeko jarrera positiboa hartzeko kanpaina jarriko du abian. Guztira 1.500 preserbatibo banatuko dira hainbat jai-gunetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide