Bai, Laudion emakume batek bere bikote gizona sastatu du.
Horrek sistema heteropatriarkalaren indarkeria estrukturalaren ondoriozko kasua bihurtzen du? EZ. Horrek kasu zehatz eta partikular bati buruz hitz egiten du, dagokion jendeak dagozkion ikerketak egin eta dagokion bezala epaitu beharko duena.
Ez da feminismoaren eskumena, ezta betebeharra ere, herrian egiten den legez kanpoko ekintza oro epaitzea.
Hasteko, mugimendu feminista (inoiz pentsatzera gelditu ez bazarete ere) norbanakoz osatuta dagoelako. Emakume zein identitate disidente izateagatik egunero jasaten ditugun milaka indarkeria estrukturalei aurre egin ahal izateko antolatu eta sare bat osatzeko beharra sentitu duten norbanakoek osatzen dute mugimendua; baita antolatuta ez egonda ere, egunero euren bizitzetan borroka feminista egiten dutenek ere.
Honek aktibista egiten ditu, edo militante, nahi duzuen moduan deitu. Baina egiten ez dituena zer da: herriaren mesedetarako langile, ezta zuek beharrezkoa sentitzen duzuenean erantzuteko betebeharra duten kolektibo ere. Lan militantea borondatez egiten duten norbanako gisa, ez diote inori ezer zor eta haien borrokak zeintzuk diren erabakitzeko eskubide osoa dute, beste inolako derrigortasunik gabe eta are gutxiago zuekiko betebeharrik gabe.
Falta zena zuek jendeari zeren aldeko kontzentrazioak antolatu behar dituen esatea da (bide batez, jakin Ertzaintza leku berean dagoela denontzat, eta kontzentrazioak antolatzeko baimena eskatzeko orria herritar guztion eskura dagoela, kontzentrazio bat antolatzea ezinbestekoa dela ikusten baduzue).
Jarraitzeko, feminismoak indarkeria matxista ESTRUKTURALAREN aurka borrokatzen duelako. Oinarrizkoa eta ezinbestekoa da hau ulertzea borroka sozialak ulertzeko. Epe luzeko herri mugimenduak ez dira egoera partikular edo isolatu bati aurre egitean oinarritzen, MODU SISTEMATIKOAN ZAPALTZEN GAITUZTEN GIZARTE-EGITUREI aurre egitera zuzentzen dira. Eta egoera zehatzak salatzen direnean, sistema eta estruktura matxistaren ondorio direlako izaten da.
Eta amaitzeko, gertatu den honek ez duelako inolako zerikusirik Laudion bizi diren kolektibo osoak bortxatzen dituen sistema batekin. Ez du inolako zerikusirik herri mugimendu batek aldatu dezakeen ezerekin. Egoera zehatz eta partikularra da, zeinean bi pertsona dauden inplikatuta eta horren atzean dagoen istorioa ezagutzen ez dugun, eta ez dagokigu guri hori asmatzea, askok egiten hasi diren bezala.
2023an oraindik hau guztia azaltzen ibili behar izatea, borroka feministaren funtsa ulertzeko inolako esfortzu ezta intentziorik ez duzuela ikusarazten duen erakuslerik onena da. Zelako nagia, benetan, eta ze lotsa gutxi zuetako batzuek duzuena. Ez duzue inolako interesik bizi garen gizartearen oinarrizko arazoetako bat zein den ulertzeko, ezta arazoa konpontzeko zer egin dezakegun pentsatzeko ere. Zuen lehen sena bakoitzak bere ingurua pixka bat parekideagoa egiteko moduaz kezkatu beharrean feminismoa epaitzea izaten jarraitzen duen bitartean, erabateko sistema matxista batean zapalduta bizitzen jarraituko dugu eta kalera irteten jarraitu beharko dugu eraso matxista oro salatzera.
Eta hori da ere oraingoan beste behin egin duzuena, nahita edo instintuz, feminismoaren kontra jo gertatzen ari zenarekin arduratu beharrean. Izan ere, sareetan agertu diren komentario eta erantzun asko ez dira ekintza hori gaitzesteko sentitzen duzuen beharretik jaio, ez. Zeinek galdetu du gizona nola dagoen? Hilda, bizirik, larri, egonkor...?
Ez, zuen nahia ez da gertatutako hau salatzea izan, egoera hau aitzakia erabilita feminismoa berriz ere deabrutzea baizik, ikusten duzuen aukera posible bakoitzean egiten duzuen bezala. Zuen parekidetasun ezarekiko kezka eta energiak aurtengo jaietan eman diren eraso guztiak salatzera bideratu beharrean, adibidez, bai Laudioko zein kezkatzen zaituzten labankada hau gertatu den auzo bereko jaietan (eraso horien inguruan ez dut ikusi ezer publikatu duzuenik, eta ez dira gutxi izan), herri mugimendu batek egiten ez duena salatzera bideratu dituzue, egiten duena eta hain beharrezkoa dena babestu beharrean.
Baina lasai, guk feminismoa egiten jarraituko dugu zuen begiradak aldatu arte; denok borrokaren garrantzia eta balioa ulertu eta babestu arte, borroka feministaz eta denok aske bizitzeko oinarrizkoak diren beste borrokekin batera (lodifobia, kapazitismoa, arrazismoa, homofobia eta transfobiaren aurkakoak, besteak beste) soilik lortuko baitugu sistema zein herri honetan DENOK bizi ahal izango garela bermatzea.