Igandea eta larunbata baratxuriak zuritzen ematen ditu auzokoak. Buruan geroz eta ile zuri gehiago dituela egingo nuke. Ile zuri bat zuritutako baratxuri bakoitzeko.
Iazko baratxuri uztak oparoak izan ziren, negua hotza izan baitzen; baratxuriek hain berezkoa duten min sasi-goxo hori hotzari eskertu behar zaio. Aurtengo uzta oparoa izango da hotz egiten duelako, klima aldaketa gorabehera hotz egiten duelako kalean.
Banan-banan lapikoan sartzen ditu auzokoak baratxuri-buru guztiak. Banan-banan zuritu, banan-banan lapikoratu, badu asteburu osorako nahikoa lan. Behin lapikoan gatza gabe azukrea botatzen diela egingo nuke, mintasuna apaltzeko edo. Hotzari buru egin nahi balio bezala, auzokoak sukaldean. Su geldoan uzten ditu arratsalde osoa, eta bera irabioka suaren alboan.
Astegunak kaleari leihotik begira baratxuri sopa edaten ematen ditu auzokoak. Astegunetan ez zaio ile zuririk hazten. Astegun alferrak, asteburu buruzuriei buru egiteko, eta burua gehiegi ez hausteko, edo.
Baratxuriak minak dira, antzuak, ez dute hazirik ematen eta hotza gustatzen zaie.
Arazoak izango ditut bazkalorduan nik ez dudalako nahi baratxuririk jan.
Eskualdeko zenbait idazlek abiatutako ipuin-segidaren 4. atala da hau.