Ekimen honen helburua Orozkoko bizilagun guztien artean zerga arloko berdintasuna bilatzea da. Udal-gobernua kezkatuta dago obra-lizentziarik gabeko obra kopurua asko gehitu delako. Datuen arabera, lizentziarik gabeko obrek 20.000 euroko diru-sarrera ekarriko lukete. Hala ere, baliteke kopurua handiagoa izatea, herrian egindako legez kanpoko obra guztiak kontrolatzea oso zaila baita.
2013ko martxoaren 1etik aurrera, legeak ezarritako zigorrak aplikatzen hasiko da udala. Horrexegatik, herritarrek egun hori baino lehen lizentziak eskatu edota legeztatu beharko dituzte obretarako.
Josu San Pedro Montalbán Orozkoko alkateak gogoratu du zergak ez ordaintzea Orozko herrirako kalte handia dela, «obra-publikoetan eta gizarte-zerbitzuetan inbertitzeko diru gutxiago edukiko baitu Udalak».