Azaroaren 26an, Zubiaur Eraikuntzak-eko Administrazio Kontseiluak, EAJren ordezkari bien eta BILDUrenaren botoarekin, ezezkoa eman zion gerentzia kargua lehiaketa publikoan puntu gehien lortu duen eskaintzari esleitzeari.
ADIEko ordezkariek lehiaketaren irabazlea kontratatzearen alde bozkatu zuten. Hilabete lehenago udal zerbitzu teknikoek lehiaketara aurkeztutako hiru eskaintzen balorazioa luzatu zioten Elkarteari. Horren arabera, Eibex Asesores Consultores S.L.-k, EAJk kontratatua pasa den azarora arte gerentziaz arduratu izan den enpresa, lortu zuen hiruren arteko puntuaziorik baxuena.
Horrez gain, berea izan zen eskaintzarik garestiena. ADIEren esanetan, EAJko kontseilari biek eta BILDUkoak prozesua geldiarazten saiatu dira. Ez dira lehiaketak aurrera egiteko Kontratazio Mahaiko batzarretara joan ez eta Administrazio Kontseilukoetara ere. Gainera, prozesua bertan behera uzteko eskaera idatzia aurkeztu dute Elkartean.
Gainera, bi alderdiek proposatu dute kanpoko enpresa batek lehiaketan aurkeztutako dokumentazio guztia berriro balora dezala. Lehiaketa irabazi duenak helegitea aurkeztu du Eusko Jaurlaritzan eta bertan dio kontratua lehiaketako irabazleari ez esleitzea legez kanpokoa dela.
ADIEk bere prentsa-oharrean adierazi digu, kontseiluaren azken batzarrera, urtarrilaren 2koa eta helegitearen gainean hitz egingo zenera, EAJko Herriko Juntako presidentea eta BILDUko zuzendari nagusia joan zirela eta ADIEko Kontseilariengan eragiten saiatu zirela lehiaketak aurrera egin ez dezan. BILDUko zuzendariaren hitzetan, helegiteak ez du zentzurik, izan ere, BILDUren iritziz, lehiaketa geldirik dago.
EAJko presidenteak esan zuen bere alderdiak prebarikazio zantzuak susmatzen dituela prozesuan eta arduradunak salatu egingo dituela. ADIEk tinko salatu nahi du Zubiaur Eraikuntzak-ekin inolako zerikusirik ez duten bi lagun pribatua den Kontseiluko batzarrera agertu izana. Oso larria iruditzen zaiolako bi pertsona hauek, Zubiaur Eraikuntzak Elkarteko kide ez direnak, iritziak ematera eta Elkarteko ordezkariak presionatzera agertu izana.
ADIEren esanetan, agerian geratu da, berriro ere, EAJ eta BILDUren estrategia komuna: jauntxokeriarekin jokatu udal promotoran beti egin izan den moduan eta alderdiaren zein norbanakoen interesak ordezkatzen omen dituzten herritarrenen aurretik jarri. ADIE gerentziaren kontratazio prozesu osoan zehar albo batean egon da eta utzi du udal teknikoek balora dezatela eskaintzaileek aurkeztutakoa, horiexek baitira lan hau egiteko gaitasuna dutenak eta ez politikoak. Horrela, herritarrekin hartutako konpromezuari eutsiko diogu: Zubiaur Eraikuntzak elkarteko ezkutuko ekintzak salatu eta bere funtzionamendua aldatzen saiatu herritarren zerbitzura egon dadin, hasierako garaietan egin ohi zuen moduan.