Orozkoko Udaleko Euskara Sailak azaroaren 5etik abenduaren 2ra iraungo duen kanpaina berri bat martxan jarriko du “Erosi Euskaraz” lelopean. Herritarrak euskaraz egitera bultzatzeko asmoz, GPS bat zozketatuko dute.
Kanpaina honetan parte hartzeko, udalerriko bederatzi establezimenduk (Ekilore, Ezpalabarri, Gure Arraindegia, Itxina taberna, Ikusi-Makusi, Iza jantokia, Kera, Zubiaur kafetegia eta Orozkoko Batzokia) txartelak banatuko dituzte euren bezeroen artean. Txartelotan sei lauki dituen puzzlea dago, eranskailu batzuk itsatsiz kontsumitzaileek bete egin beharko dutena.Eranskailu hauek Orozkoko denda, taberna eta jantokietan kontsumittuz eta euskara eginez lor daitezke.
Behin puzzlea beteta, txartela Indumaren bulegoan dagoen ontzian utzi beharko dute astelehen eta asteazkenetan, 16:00etatik 20:00etara, eta ostiraletan, 09:00etatik 14:00etara.
Zozketaren irabazlea Euskararen Egunean, abenduaren 3an, iragarriko dute. Begoñe Olabarria Euskara zinegotziak adierazi digunez, ekimenaren helburua da «udalerrian hizkuntza-normalizazioa bultzatzea, eta orozkoarrek kontsumitzea ere euskaraz egin dezaten naturaltasun osoz».