Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek eskualdeko Etxe Berdeak programaren bigarren edizioa martxan jarri du. “Kontsumo arduratsua eta hondakinen prebentzioa etxean” izango da aurtengo gaia. Bizkaian zehar hainbat tailer egingo dituzte; horietatik hiru Aiaraldean.
Etxe Berdeak programaren edizioa azaroaren 17tik 25era bitartean egingo den Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan kokatu du Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek. Lehenengo edizioa energia eta ur kontsumoen murrizketari buruzkoa izan zen. Iraun zuen hiru hilabeteetan, negutegi efektuko 2.253 kg-ko gas emisioa saihestu zen. Lehenengo edizioko parte-hartzaileen %93,8k interesa agertu zuen etorkizunean egin zitezkeen tailerretan parte hartzeko.
Etxe Berdeak ingurumen hezkuntzaren arloko ekimena da, eta 2011n garatu zen estreinakoz Nerbioi-Ibaizabal eskualdean. Ekimenean, 78 etxebizitzak hartu zuten parte. Helburua da parte-hartzaileek kontsumo arduratsuago eta jasangarriagoa sustatzea, herritarrek klima aldaketaren kontrako borrokan ere badutelako ardura. Ekimena, Udalsareak 21ek, Jasangarritasunerako Euskal Udalen Sareak, diruz lagundutako proiektua da.
Oraingoan interesa duten etxebizitzek ordu eta erdiko iraupena duen tailer batean hartuko dute parte. Bertan, aholkuak ikasi eta partekatuko dituzte, modu arduratsuan erosteari, etxean sortzen diren hondakin kopuruak murrizteari eta familia-ekitaldi jasangarriak antolatzeari buruz.
Parte hartzeko, beharrezkoa da datu pertsonalak (izena, bizilekua, telefonoa eta helbide elektronikoa) etxeberdeak@ut21.org helbidera igortzea edo 635391668 telefonora deitzea. Halaber, sei tailerretatik zeinetara joan nahi den adierazi beharko da. Haurtzaindegi zerbitzua egongo da, nahi duenarentzat.
Tailerren egutegia
Asteartean, azaroaren 20an, Urduñan (Alondegia. 18:30).
Asteazkenean, azaroaren 21ean, Arrakudiagan (Jasangarritasunerako Eskualde Bulegoa. 18:30).
Ostiralean, azaroaren 23an, Orozkon (Kultur Etxea. 18:00).
2012ko programan, 2011n parte hartutako etxebizitzek nahiz interesa duten berriek parte hartu dezakete. Izena emateko epea zabalik dago, tailerra egiten den egunera arte.