Prekarietateak eta “krisia” deiturikoak ez dute oraindik euskal gizartea horrenbeste kolpatu, penintsulako beste zonalde batzuetan bezala. Baina presente daudela argi daukagu, zoritxarrez.
DBE edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta izaten ari da familia askorentzako irtenbide bakarra. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak diru-laguntza hori sortu zuenean ez zekien zer nolako arazoa ekarriko zuen.
Arazoa zergatik? Ez zutelako aurreikusi zenbatek beharko zuten DBEren laguntza bizirauteko? Ez!
Lanbideren (diru-laguntza hori kudeatzen duen zerbitzu publikoa) barruan agertuko ziren “Marotozaleak”, hori da aurreikusi ez zuten problema. Hala da bai, Lanbideren bulegoetan mahaien azpitik irteten dira diru-laguntza horren kontra dauden langileak. Laudion adibide galanta daukagu eta hilabete hasieran horren berri izan genuen. Izan ere, 2016 urtean Laudioko 28 familiari eman zizkien udalak “mantentze-laguntzak”. Horietako 18ri Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kendu zien Lanbidek.
Oso erraza da Lanbidek daukan prozeduran hanka sartzea eta laguntza gabe geratzea urtebetez. Baina badaude baita prozedurak dituen hutsuneak topatzen dituzten familiak eta DBEa galtzen ez dutenak. Familia horien kontrako protokoloaren parte dira “Marotozaleak". Informazio nahasgarria, manipulazioa eta gezurrak dira beraien armak DBEa kobratzen duten familia kopurua murrizteko. Beldurgarria benetan.
Jarraian kontatuko dizuedana ez dugu inoiz frogatuko: Denbora batez Lanbideren bulegoetan zelatan baldin bazaudete, “Marotozale” onenak nola desagertzen diren ikusiko duzue. Kaleratzen dituzte? Ez, mailaz igotzen dituzte.
Lanbideren barruan DBEa kobratzen dituzten familiak sistematik botatzea meritua da bertako langileentzat. Baina hori guztia susmo bat besterik ez da. Beraz, aurrera jarraitu zuen bizitzekin eta kalean ikusiko gara.