Martxoaren 5ean, hainbat sindikatuk bi orduko lanuztea deitu zuten Aiaraldean. Lanuztearekin gure eskualderako etorkizun duina aldarrikatu nahi zuten, enpleguari dagokionez. Egun honen helburua zen, besteak beste, gure eskualdea pairatzen ari den prekarizazioa salatzea, %15eko langabezia tasan murgilduta dagoelako, Valvospain duela gutxi itxi delako, Tubacexek Enplegua Erregulatzeko Espedientea planteatu duelako eta Ibarran Orozkon langileek egoera prekarioa bizi dutelako, besteak beste.
Aiaraldea bezalako eskualde industrializatu batean, ziur aski denok argi geneukan pandemiak berehala azaleratuko zituela horrelako egoerak, baina garrantzitsua da azpimarratzea sortzen ari diren lan-gatazka askok zerikusi handiagoa dutela enpresen zuzendaritzen eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa txarrarekin, koronabirusarekin berarekin baino.
Azken egunetako mobilizazioen arrakasta Tubacexeko Enplegua Erregulatzeko Espedienteak eskualdean izango duen eraginean oinarritzen dela uste dugu askok. Izan ere, batezbestekotik gorako lan-baldintzak dituen enpresa da, zuzendaritzak planteatzen dituen kaleratzeen kopurua oso altua da eta enpresak berak xarma berezia du; baina ezin dugu Aiaraldeko Greba Batzordeak egindako lana gutxietsi.
Plataforma honek sindikatuek egindako deialdia osatzen jakin du, egun osoko mobilizazioa biribiltzeko. Batzorde hau osatzen duten eragileek eta norbanakoek egindako ahalegina eredugarria izan da, eragile, merkatari eta ostalari askori elkartasuna eskatuta, txanponaren beste aldea azaleratzea lortu dute, eskualde honetan oraindik ere duintasuna soberan dagoela erakusteko, edozein zoritxarri aurre egiteko beste.
Mesedez, ohartu gaitezen, borroka hau guztiona da, eta oraintxe hasi da, Tubacex bezalako enpresa handien etorkizunak jokoan jarraitzen du, eta hor dago Tubos Reunidoseko langileek arrastaka daramatzaten ERTE kopurua, adibidez, urtero ehunka milioi euroko galerak dituen enpresa batean, patronalaren arabera betiere.
Kapitalaren eta eskualde aktibo eta borrokalari baten arteko indar-korrelazio bat finkatzearen garrantziaz gogoeta egitera gonbidatzen zaituztet, baita mehatxatzen gaituen prekarietatearekin amaitzeko modu berriez eta elkartasunaren garrantziaz ere.
Joan den martxoaren 5ean Aiaraldean egon ziren lanuzte eta mobilizazioek markatuko gaituzte, eta urteetan luzatuko den egoera honetan, egunerokotasuna ezohiko egoera gisa ulertu beharko dugu, filosofia horrekin egunero borrokan egoteko aukera-leihoak zabalik mantentzeko, eta Celestino guztiek ulertu dezaten beti aurrean izango gaituztela eta ez zaiela inolaz ere merke aterako.
BORROKA DA BIDE BAKARRA!