IRITZIA

Gaztetxea bagenu...

Erabiltzailearen aurpegia Maider Ramirez Martin 2024ko api. 18a, 07:00

Iratzargailuaren soinu jasangaitzarekin esnatu. Kafea eta klasera. Irakasleak ezer interesgarririk esaten ez duen bitartean sakelakoa hartu eta ibilalditxo bat sare sozialetan zehar.

Atzo sekulako giroa egon omen zen Antzokian.

Ez dakit zenbat palestinar gehiago hil ditu Israelek.

Lagunei asteburu honetarako zer plan duten galdetu. Batzuek lana, besteren batek ikasi eta betikoek betikoa.

            Ba ez dakit, jaitsiko gara zeozer hartzen?

Ba hori, betikoa. Betiko taberna, betiko jendea, betiko tragoa. Ustez errutina hausteko unea denean ere, errutina.

Mahaiaren bueltan eserita geundela eskualdean eolikoak eraikitzeko makroproiektuak kezkatua duela bota du lagun batek. Zerbait egin beharko genukeela. Batzuk dagoeneko badaudela lanean. Jendea ez dela enteratzen ari.

Baina gaiez gai saltoka ibiltzen espezialistak garenez, tarte baten ostean bira egin du elkarrizketak, eta musika talde berri bat deskubritu berri duela bota du beste batek: bere ikaskide baten lagunak direla, oraintxe hasi direla, ez dutela gaizki egiten, agian noizbait herritik hurbil jotzen badute kontzerturen batera animatu gintezkeela.

Orduan agertu da, POP!, azkenaldian hainbestetan entzun dudan esaldia:

            Gaztetxea bagenu…

Eta hala da, bai, gaztetxea bagenu han egin ahalko genituzke kontzertu eta jaialdiak, han bildu ahalko lirateke herriko eragile eta kolektibo ezberdinak, han garatu eta erakutsi ahalko lituzkete inguruko sortzaileek haien proiektuak, han ahalko ginateke politikoki antolatu, han egingo genituzke zineforumak, kirol-txapelketak, hitzaldiak, bertso-saioak, tailerrak…

Baina ezinezkoa zaigu, 2022ko ekainaren 13tik ez dago gaztetxerik Laudion. Egun horretan eman zuen garaiko Udalak gaztetxea husteko agindua, eta geroztik gazteok ez daukagu gure aisialdirako eta jarduera politikorako espaziorik herrian. Horren presentzia ezinbestekotzat hartzen dugunez, Gazte Asanbladako kideok hilabeteak daramatzagu gaztetxea berreskuratzearen alde lan egiten, egungo udal gobernuarekin biltzen, baina inolako aurrerapenik egin gabe. Aurreko legegintzaldian, koaliziotik, desalojoaren aurka agertu baziren ere, orain ez digute 23 urtez gaztetxea izan den espaziora bueltatzeko inongo bermerik eman nahi.

Hala ere, Laudioko gazteok argi daukagu: gaztetxearen aldeko borrokan jarraituko dugu. Gure aisialdia, antolakuntza politikoa, eta gure interesen eta beharren araberako proiektu ezberdinak aurrera eramateko espazio propioak behar ditugulako: LAUDIOKO GAZTETXEA AURRERA!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide