Azken egunetan eskuak burura eraman ditugu, amorruz bete dira sareetan zabaldutako mezuak, eta mobilizazio olatua altxatu da eskualdean. 42 urteko gizon bat hil da Laudioko anbulategian, bihotzekoak jo ondoren. Zaintza intentsiboko unitateko anbulantzia iritsi bitartean, bi erizainen arreta jaso zuen bertan, medikurik ez baitzen etengabeko arreta puntuan. Osasungintza publikoaren aldeko plataformek, sindikatu eta eragile ezberdinek salatu dute kasua.
Larria da oso gurean gertatu dena, baina ez da gertakari puntuala. Ez gaitezen soilik, mesedez, kasuaren salaketa partikularrean geratu. Ibilbide eta prozesu konplexuago baten muturreko egoera baino ez da hau.
Gure osasun zerbitzu publikoen irisgarritasuna eta kalitatea kaltetuz, osasun sistema pobre bihurtzeko politika deliberatuak dira guztiak. Eta “sistema pobrea, pobreentzako sistema da”.
EAEn aspaldi ari gara ikusten eskualdeko osasungintza zerbitzu publikoeetan inbertsio falta eta utzikeria. Pandemia garaian bereziki kezkagarria izan zen lehen arretako osasun langileen egoera eskasa, baita jendartearen osasun beharrei erantzuteko baliabide eza ere. Ondoren, jarraitu zioten eskualdeko anbulategi eta osasun zentro ezberdinetan larrialdi zerbitzuak medikurik edo pediatriarik gabe geratzen ziren egunek, lehen arreta zerbitzuen ordutegi murrizketek, kontsultategi batzuen itxierek. Asko izan dira bizi duten egoera prekarioa eta lan gain-karga egoera salatu duten profesionalak ere.
Osasungintzan ematen diren prozesu neoliberalen adierazgarri zuzenak dira hauek guztiak. Hau ez da “kultura aldaketa”, edo “prozesuen efizientzia hobetzeko neurria”. Erabaki politikoek eraman gaituzte gaur egungo egoerara: Osakidetzan giza baliabide politika prekarioak, inbertsio humano eza edota murrizketak, denak ala denak pribatizazioa sustatzeko asmoz egindakoak. Gure osasun zerbitzu publikoen irisgarritasuna eta kalitatea kaltetuz, osasun sistema pobre bihurtzeko politika deliberatuak dira guztiak. Eta “sistema pobrea, pobreentzako sistema da”.
Itxaron zerrendak hazi dira, Osakidetzarekiko gogobetetze-maila jaitsi da herritarren artean eta entitate pribatuekin osasun seguruen kontratazioek gora egin dute
Azken urteetan, itxaron zerrendak hazi dira, Osakidetzarekiko gogobetetze-maila jaitsi da herritarren artean eta entitate pribatuekin osasun seguruen kontratazioek gora egin dute. Egiaztatua dago osasun sistema publikoaren ezaugarriek biziki baldintzatzen dutela seguru pribatuen bilakaera. Eta seguru pribatuen gorakadak eta zerbitzu publikoen dekadentziak herritarren arteko desberdintasun sozialak areagotzen ditu. Osasun baliabideak komunitate aberatsetan zentralizatzen ditu, eta osasun sistema publikoa sozialki deslegitimatzen du.
Honen aurrean, pertsonon beharrak asetuko dituen zerbitzu indartsuak behar ditugu, publikotasunetik eta kolektibotik eraikitakoak. Konfiantzazkoak eta solidarioak, norberak behar duenean eta behar duen neurrian erabiltzeko eskura izango dituenak. Eta hau bermatzeko gaur egun ia existitzen ez den kudeaketa gardentasun mekanismoak baliatzea derrigorrezkoa da.
Seguru pribatuen gorakadak eta zerbitzu publikoen dekadentziak herritarren arteko desberdintasun sozialak areagotzen ditu
Pribatizazioaren logikak, aseguru-etxe pribatuek irabaziak handitzeko aukerari baino ez dio erantzuten, herritarren arteko desberdintasun-tartea handituz eta ziurgabetasun egoerak sortuz. Osasun publikoa indartzea eta baliabideen banaketa beharren arabera planifikatzea da desberdintasunaren bidea iraultzeko formula bakarra. Osasungintza sistema publiko indartsua behar dugu, denon bizitzak erdigunean jarriko dituena.