FABIAN HERNANDEZ

"Espero dut nire semearen heriotzak balio izatea Laudion osasun sistema publikoarekin dauden arazoak konpontzeko"

Aitor Aspuru Saez 2024ko urt. 16a, 12:49

Fabian Hernandez gaurko elkarretaratzean. / Aiaraldea.eus

FABIAN HERNANDEZ Laudioko anbulatorioan ostiralean zendutako David Hernandez 42 urteko gizonezkoaren aita da eta gertatutakoren inguruan mintzatu da, baita jarriko duten salaketari buruz ere.

Lehenik eta behin, nola zaudete?

Minduta, nahiko minduta familia osoa. Ez genuen espero, ez guk ez inork, herriak erakutsi duen moduan. Beti egongo gara eskertuta herriak izan duen erantzunarekin. Espero dugu hau berriro ez gertatzea, Administrazioak egin behar du zerbait ez errepikatzeko. 

18.000 biztanleko herri batean horrelako gertakarietara heldu beharra jendea kalera ateratzeko eta Administrazioak behingoz esku hartu dezan... 

Medikuak eta erizainak profesionalak dira eta ez dute inolako errurik. Ezin ditugu medikuak eta erizainak errudun bilakatu, eurek ez dute errua, Administrazioaren ardura da, ez dituelako bitartekoak jarri.

Nik ez dakit Daviden heriotza prebenitu ahal zen edo ez. Agian bihotzekoak ez zuen konponbiderik, baina arazoa da Administrazioak zer egin duen orain arte. Zergatik zeuden bi erizain eta ez mediku bat? Zergatik ez dago Amurrion, Aiaran, Laudion, Orozkon... mediku bat? 

Anbulatorio batek medikua izan beharko luke beti, gutxienez, larrialdiei aurre egiteko. Horrela izan beharko litzateke, baina Administrazioak ez du ezer egiten. Ez hemen, ez Salamancan. Han bizi gara erretiroa hartu genuenetik eta ia bera gertatzen da.

Osasun sistema publikoak okerrera egiten du. 1980ko edo 1990eko hamarkadetan etortzen zinen anbulatoriora eta medikuak zeuden. Berdin zuen gaueko ordubiak edo hirurak, bazegoen medikua, nahiz eta zure bizitzaren alde egiteko tarterik ez izan. Hala eta guztiz ere, bazegoen medikua eta berak erabakitzen zuen ospitalera bidali edo ez. 

"Ezin ditugu medikuak eta erizainak errudun bilakatu, eurek ez dute errua, Administrazioaren ardura da, ez dituelako bitartekoak jarri"

Eta Davidena ez da isolatua izan, milaka kasu egon dira. Orain guri hau gertatu zaigula, jende ugari etortzen zaigu zer gertatu zaion kontatzeko. Beti berdin, hori bakarrik gogoratzen dugu kasu larriak jazotzen direnean.

Nik espero dut nire semearen heriotzak balio izatea hau konpontzeko.

Zer egingo duzue zuek?

Momentuz uste dut gertatutakoa mugitu behar dugula. Autopsiaren zain egongo gara, baina autopsiak berak ez du zerikusirik. Davidi gertatutakoa salatu behar da, baina ez medikuen edota erizainen kontra. Eurak profesionalak dira. Administrazioa da izorratzen duena 18.000 biztanleko udalerria. Hau ezin da onartu eta norbaitek erantzun behar du. 

Zer gertatu zen zehazki?

Lehen eskutik dakigu gertatutakoa. Kasualitatez, lagun bat igaro zen anbulatoriotik eta ikusi zuen David. Galdetu zion zer moduz zegoen eta berak erantzun zion arnasteko arazoak zituela. Lagun honek esan zion lagunduko zuela eta larrialdietan sartu zuen eta, erdi txantxetan, aulki gurpildunean eseri zuen, beti baitzeuden txantxetan. 

Davidi galdetu zion ea nahi zuen familia deitzea eta nire semeak erantzun zion ezetz. Laguna geratu zen bere zain eta bi erizainek hartu zuten David eta sartu zuten barrura. Hor aztertzen ari ziren eta bat-batean erizain bat atera zen korrika, esanez anbulantzia medikalizatua deitzeko beharra zegoela, bihotzekoagatik. 

Bere laguna zur eta lur geratu zen eta erizainek eskatu zioten laguntza mugitzeko. Lagundu zien ondo kokatzen eta erreanimazioa egiteari ekin zioten. Orduan mutil honek deitu zion bere familiari eta eurek guri; Salamancatik etortzeko esan ziguten, larria zelako.

Denbora ugari eman zuten erreanimazio maniobrekin, baina ez zuten ezer lortu. Ziurrenik bihotzeko lazgarria izan zen eta ez zegoen modurik ezer egiteko. Ezin zaio errurik bota osasun langileen taldeei.

Beste kontu bat da medikurik ez egotea. Mediku batek esan ahal zigun ez zegoela ezer egiteko. Gu gutxienez lasai egongo ginateke, baina ez da horrela izan eta ardura ez da erizainena izan.

Administrazioak lan izugarriak ematen dizkie erizainei. Lan zama izugarriak. Familian badaude erizainak eta depresioak eragindako bajak hartu behar dituzte. Ez da posible erizain batek sekulako ardurak izatea; adibidez, gorputz atalak garraiatzea leku batetik bestera, transplante baterako. Ez da bere lana, ez diete uzten euren lana egiten.

Eta medikuei gauza bera. Medikuak egon behar dira azaltzeko zer gertatu den. 

Dena amaitu zenean Daviden lagunak deitu zigun eta Salamancatik itzultzen ari ginela suposatu genuen zer gertatu zen. Hiru ordu eta erdiko bidaia da eta inork ez zigun deitzen edo idazten. Elkar begiratzen genuen eta pentsatzen genuen zerbait larria gertatu zela. 

Laudion sartu ginen eta 01:10ean ikusi genuen jende pilo atarian. Alabaren lagunak, bere lagunak... Ni ez nintzen ezta autotik atera. Imajinatu nuen.

Hau esanda, nire eskerrik beroena Laudioko herriari, oso ondo portatu baita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide