Haurrek asko dute guri irakasteko...
2011n, Gosearen Aurkako Ekintza erakundeak esperimentu bat jarri zuen martxan eskolaurreko eta lehen hezkuntzako 20 umerekin.
Argazki saio batera joango zirela esan zieten, baina argazkilaria atzeratu egin zen, eta zain egon ziren mokadu bat hartzen. Bikoteka jarri zituzten eta, bikote bakoitzaren aurrean, plater estali pare bat jarri zuten. Platerretako batean sandwich bat zegoen, baina bestea hutsik zegoen.
Aretoan ez zegoen heldurik, kamerak bakarrik zeuden, gertatzen ari zena filmatzen, baina haurrek ez zekiten grabatzen ari zirela. Eta, bitan pentsatu gabe, sandwicha zuen umeak bestearekin partekatzen zuen.
Horrelakoa da gizakia berez, solidarioa. Emozioek, zauriek, gabeziek eta abar luze batek baldintzatzen dituzte jaiotzez ditugun dohainak.
Egoera baten gogortasunaren aurrean, aurrez aurre jartzen da horrekiko maitasuna. Aukeramenak oparitzen digu ze zelaietan jokatu erabakitzeko gaitasuna: gorrotoaren zelaian edo maitasunarenean.
Azken horretan kokatzen gara gutako asko, gizakion zentzugabetasunak sortzen duen minaren aurrean, XXI. mendean gerra bat eragiten duen zentzugabetasunaren aurrean.
Pertsona politen talde bat bildu gara, Afrikako atsotitz zaharraren aholkuari jarraituz: “Azkar iritsi nahi baduzu, joan zaitez bakarrik. Urrutira iritsi nahi baduzu, ordea, lagunduta joan zaitez”.
Horrela hasi genuen Ivankiven (Ukraina) hasi eta Urduña (Bizkaia) helmuga izan duen bidea. Udan bisitatzen gaituzten haurretako baten bizitza zegoen jokoan. Bakoitzak bere onena eman du, ondoen egiten dakiena egiten. Bakoitzaren dohainak, maila gorenera eramanda. Eta lehen lerroan, haurrak, eman ahal diguten oparirik onenarekin: jolasa, jostailuak, artea… polita den hori. Euren eskuekin eginiko jostailuak, eurek bezalakoak diren horiei laguntzeko ilusioak bultzatuta eginikoak. Beste ume horien ezberdintasun bakarra da egoera okerragoa bizitzen ari direla. Gaur egungo haurrak ez dira berekoiak, horrelakoak izaten irakasten diegu akaso. Gaur landatzen dugun hazia izango da bihar jango dugun fruitua.
Eta eskerrak ematea edertasuna nire bizitzara erakartzeko modua denez, eskerrak nahi dizkiet sare hau ehuntzen lagundu duzuen guztiei. Behar duen horri eusten laguntzen dion sarea, ametsak lortzeko helburu bakarrarekin.
Dena ilusio batetik abiatzen da. Gure ilusioa, Nastya, Sasha eta Ivan Urduñara ekartzea, non maitasunez eta ilusioz beteriko etxe bat duten zain.
Eskerrik asko komunikabideei ere gure fruituak ezagutzera emateagatik. Beste batzuek landatzen duten hazia izan daiteke hori, sarea ehuntzen jarraitzeko.
Eta zuri ere mila esker, irakurle. Denok gara ehun horren parte. Denak berdin. Ez dio axola nork egiten duen gehien eta nork gutxien. Soilik axola du ahal duen guztia egiten duenak.
Eskerrik asko izateagatik. Eskerrik asko existitzeagatik.