Nire izena Merlin Medina da, eta Dominikar Errepublikatik etorri nintzen duela 16 urte. Hasieran, ikasketa proiektu bategatik etorri nintzen, baina Euskal Herria ezagutu nuen, eta geratzea erabaki nuen. Ni jada murgildua nago hemengo bizimoduan, baina kulturartekotasuna sustatzeko integrazio eta ikusgarritasun gehiago behar dira. Izan ere, zer egiten dugu guk kulturartekotasuna sustatzeko?
Ate asko jo behar dira, eta hori egin ahal izateko zarata gehiago egin behar dugu. Tamalez, emakume asko daude euren etxeetan gordeta, eta oso erreta. Bakoitza bere munduan dago, eta ez gara euren lekuan jartzen. Gu joan behar gara eurengana, dagoena erakutsi: formazioa, baliabideak... Zentzu horretan, nola udalei hala elkarteei laguntza baliabide eta zerbitzu gehiago eskatuko nizkieke; eta gizarteari kultura ezberdinetako emakumeei ateak irekitzeko. Ez badugu elkar ezagutzen, gu gara aukera hori galtzen ari garenak. Ez bagara integratzen, bi komunitate ezberdin egingo ditugu, eta mundu berean bizi gara. Urrunetik etorri dira, baina eurekin urrunago heldu gaitezke.