Joan den hilaren 15ean nazioarteko basozainen ordezkaritza bat egon zen inguruko mendiak bisitatzen “Forrisk” izeneko proiektuaren baitan. Gainera, Udalak hemendik aurrera igerileku irekietan erabiltzen den urarekin Basarte futbol zelaia ureztatuko du.
Portugal, Frantzia, Espainia, Eskozia eta Zeelanda Berriko adituek, Udaleko teknikoekin batera, Amurrioko mendiak bisitatu zituzten ekainean. Bisita Atlantikoko basoak jasan ditzaketen kalteak ikertzeko eta neurriak hartzeko sortu zen “Forrisk” proiektu europarraren baitan.
Ikusi zituzten zonaldeen artean Ziorragako pinudietan azken elur-jasak eragindako kalteak, eta Malgazarko eta Bostarratxetako 2009. eta 2010. urteetako ziklogenesi lehergarriak jasan zituzten mendiak daude. Gainera, Amurrioko erabilera publikoko mendien kudeaketa ere aurkeztu zuten.
Basarte ur birziklatuarekin ureztatuko da
Bestalde, Basarte futbol zelaia udal igerileku irekien ur birziklatuarekin ureztatzeko proiektua abiatu da. “Helburua osasun arauak direla eta egunero hustu behar dugun ura berdeguneetan erabiltzea da, orain arte horretarako erabiltzen zen edateko ur kantitate handiaren kontsumoa saihestuz”, adierazi zuen Pedro Ibarrola kirol zinegotziak.
2012. urtean igerileku irekien berdeguneak ureztatzeko erabili zen ura, eta bere erabilgarritasunaren inguruko analisi baten ondoren, 7.300 m2 dituen Basarte zelaia ureztatzeko erabiliko dute. Azpimarratzekoa da kirolgune honek udal ur kontsumo gehien duena dela. Lurralde politiken zinegotzia den Javier Bitorikak esan zuen: “ Jarduera honekin Udalak edateko uraren kontsumoan aurreztu nahi du, Tokiko 21 Agendako Herri Ekintza Planak zein Amurrioko Ur Eskabidearen Gestio Planak agintzen duten moduan”.