Urteetan gordetako sekretua edo subkontzientean lurperatuta zegoen amesgaiztoa azalarazi eta lagunarteko intimitatean kontatzen diren esperientziak dira. Isiltasuna, besarkadak, malkoak, norberaren bizipena. Emakumeen arteko elkarrizketa batean bizitzan jasandako sexu erasoak agertzen direnean bakartasuna kolektibo bihurtzen da. Honelako elkarrizketetan emakume gehienak, gehiegi, era bateko edo besteko erasoak jasan ditugula ohartzen zara, batzuen bizitza birrinduz.
Egun hauetan bortxaketa baten berri izan dugu eta eskuak burura eraman dituzte batzuek, harrituta gazteen artean honelako egoerarik ematen ez zirela pentsatzen zutelako agian. Ez da hala izan bortizkeria euren azaletan bizi izan duten milaka emakumeentzat, badakitelako gure gizarte jator honetan bortxaketak iceberg baten punta besterik ez direla, beste guztia sekretupean edo bakoitzak bere barruan lurperatu behar duela. Azken finean gure herrian sexu erasoa jasaten duenak bi bide ditu: isildu edo lotsa eta arbuioa jasan.