Eztanda egiteko zorian nengoen berria jaso nuenean. Aurtengo Eurovisión jaialdiari boikota egin beharko nion; Ikurriña eta Estatu Islamikoaren bandera lehiaketako zerrenda beltzean agertzen ziren! Bielorrusiako abeslaria biluzik eta otsoz inguratua atera behar omen zen agertokira eta nik galduko nuen. Oso gaizki pasatu nuen momentu horietan nire abertzaletasuna zalantzan jarri nuelako. Erakargarriegia egiten zait Israel, Frantzia, Turkia edo Espainiako ordezkariak entzutea eta uste dut Europar Batasuneko arima oso ondo islatzen duela lehiaketa honek.
Horregatik, ezinezkoa zait ez ikustea. Eusko Jaurlaritzak eta Iñigo Urkulluk berak premiazko zuzenketa eskatu zutenean lasaitu nintzen, eta Espainiar Estatuari jaialditik erretiratzea exijitu ziotenean urdailean nuen bola desagertu zen. Haiei esker larunbatean ez nituen nire printzipioak apurtu behar izan. Europa osoan ospatu zen Ukraniako garaipena, baita bere mugetan pilatzen diren milioika pertsonek ere.