Joan den 17an Murgako Administrazio Kontseiluak Etorki enpresak Azpitxueta auzoan egin nahi duen handitzeari ezetza eman zion. Enpresak fabrika berria industrialdetik kanpo dagoen 200.084 metro karratuko arboladun eremuan kokatzea nahi zuen.
Bestalde, Aiarako Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek ere enpresa honen toki-aldatzearen aurkako jarrera hartu dute. Talde guztiek enpresak Aiaran jarraitzea nahi dute, baina Murgako herritarrek adierazi dutena errespetatuta. Horregatik hain zuzen ere, Josu Artetxek Aiarako alkateak esan du Etorki-k herrian jarrai dezan gestioak egiten jarraituko dutela.
Horrela, fabrika berria Kider enpresak duen 170.000 metro karratuko sailean eraikitzea aztertzen ari dira. Hala eta guztiz ere oraindik ere ez dute enpresa honekin hitz egin.
Pinu egurraren zerratzera eta berau ohol eta listoietan transformatzera bideratutako kooperatiba da Etorki, egun 60 behargin dituena. 1984. urtean hasi zuen bere jarduera enpresak, eta denborak aurrera egin ahala, bestelako zerbitzuak ere eskaintzen hasi zen; baso zerbitzu integralak edota baso ustiaketa adibidez. Horrela, Etorki enpresa handitzeko orubea bilatzen ari da, izan ere, enbor lodiagoak mozteko makinak jarri nahi ditu.