Ogasun Batzordean Udal taldeek EAJk aurkeztutako aurrekontuei zuzenketak egin eta eztabaidatu ondoren, gaur onartuko dituzte 2013ko aurrekontuak. Bertan, enplegu eta heziketa programen, Udalaren, musika eskolaren eta Amurrio Bidean elkartearen aurrekontuak kontutan hartzen dira.
Aurten, Enplegu eta Heziketa programa saila zabalagoa izatea erabaki dute taldeek eta horrela, 226.411,45 euro jasoko dituzte. Azken hauetatik 157.000 euro krisia pairatzen ari diren adin ezberdinetako kolektiboei zuzendutako programak egiteko izango dira, eta ez bakarrik 54 urte baino gehiagokoei zuzendutakoak aurretik pentsatua zegoen bezala. Ikastaroak Udalak dituen beharrei erantzutea espero da.
Bestalde, Udaleko, musika eskolako eta Amurrio Bidean elkarteko gastuak ere sartzen dira aurrekontu hauetan. Nabarmentzekoa da Udalak musika eskolako gastuen %57 bere gain hartuko dituela Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza murriztu delako.
Guztira, 13.639.907,86 eurokoa izango dira 2013. urterako aurreikusitako aurrekontua, joan den urtean baino 75.000 euro baino gutxiago.
Azkenik, Bilduk azpimarratu duenez, alderdi guztiek berak aurkeztu zuen enplegua sortzeko programak bultzatzeko zuzenketa onartu zutela. Koalizioaren proposamenak adin desberdinetarako zuzendutako hiru enplegu programa biltzen zituen.