Gaur astearte inautea da eta arratsaldean jarduera ugari egingo dira Juan Urrutia plazan, haien artean Kakarro Judasen erreketa. Gainera, larunbatean Kakarro Birigarro mozorro lehiaketa egon zen eta guztira, 286 pertsonek parte hartu zuten.
Inauteriak gaur arratsaldean jarraituko dute 16:45ean Juan Urrutia plazan eskainiko den txokolate janarekin eta ondorengo Mugi-Mugi taldearen dantzaldiarekin. 18:30ean Kakarro Judasen erreketa izango da eta beraz, inauterien amaiera.
Bestalde, larunbatean inauteriak ospatu ziren herrian eta urtero bezala, Kakarro Birigarro mozorro lehiaketa egin zen. 1 eta 3 pertsonek osatzen zuten A kategorian Indioilar eta Komantxe anaiak sailkatu ziren; 4 eta 10 pertsonen arteko taldeetako lehenengo saria Quetzalek eraman zuen eta bigarrena Por San Blas la cigüeña verásek; azkenik, 10 pertsona baino gehiagoko taldeetako irabazlea Beti Pelus izan zen eta bigarrena Txootx.
Epaimahaiak Los tambores de fuego taldeari eman zion sari berezia eta Tabernen Apaintze eta Giro Hoberenaren saria hutsik geratzea erabaki zuen, izan ere “ez zuten gutxieneko kalitate baldintzak betetzen”, esan dute antolatzaileek.