Manifestazioa larunbatean, otsailaren 2an, 20:00etan izango da eta asmoa lokal publiko bat eskatzea eta iaz Landazuri etxea okupatzeagatik 9 gazteen epaiketa salatzea izango da.
2012ko otsailean hamabost urte baino gehiago hutsik zegoen Landazuriko etxea okupatu zuten 9 gazteek. Handik egun batzuetara Ertzaintzak barruan zeuden pertsonak identifikatu eta salaketa jarri zuen. Ondasun higiezinaren usurpatzea egotzi zieten gazteei, bakoitzak 2.809 euroko isunarekin.
Aurretik Gazte Asanbladak «Gazte lokala» izeneko proiektua aurkeztu zion Udalari eta erantzunaren zain egon ondoren etxea okupatzea erabaki zuten otsailaren 3an. Asanbladaren helburua herrian lokal publiko eta autogestionatu bat sortzea zen. Horregatik hain zuzen ere, larunbatean gaztetxearen beharra aldarrikatuko dute.