Amurrioko Eskaut Taldeak 35 urte bete ditu aurten eta Felix Murga bere fundatzailearen heriotzaren 11. urteurrena izango da. Horregatik hain zuzen ere, Aztarna Etnografia elkartearekin eta Arriola Mikologia elkartearekin batera, omenaldi bat egingo diote gaur, Urriak 13.
Eguerdiko 12:30ean Felix Murga omenez meza bat egongo da San Antonen eta bertan plaka bat jarriko dute bere oroimenez, izan ere, baseliza honetako apaiza izan zen. Ondoren, triki-poteo bat egongo da eta 14:30ean Su-Gozotan elkarteak prestatuko duen herri-bazkaria egingo da non 170 pertsona baino gehiagok parte hartuko baitute. Bazkaria Juan Urrutia parkean izango da eta bitartean urte hauetako eskaut taldeko argazkiak ikusi ahal izango dira. Gainera, Felix Murga Museoa irekiko dute berriro.
Felix Murga
Felix Murgak Amurrio Aisia Eskaut Taldea sortu ez ezik, arkeologia eta etnografia ere gustuko zituen. Aztarna Etnografia Elkarteko lehendakari eta sustatzaile izan zen eta elkarteko hainbat kideren laguntzarekin, ibilaldi ugari zuzendu zituen eta Amurriko eta inguruetako ia baserri guztiak igaro zituen. Lan horren emaitza izan da pieza etnografikoen bilduma, Felix Murga Museo Etnografikoan eta Aztarna elkarteak duen web gunean ikus daitezkeenak, alegia.
Felixek Euskal herri-zeramikazko 67 piezako bilduma bat ere bildu zuen, “Euskal Herriko onenetarikoa dela diote adituek, oso tipologia eta erabilera ezberdinak erakusten dituelako, eta plater eta ontzi apaindu ugari dituelako”, diote aztarnako taldekideek.
Gainera, Okondoko “erreskate taldearekin” eta Amurriokoarekin gero, hainbat sari nazional eskuratu zituen eta Okondon jarduera ugari berrerazi zituen, hala nola, Kultur Etxea, zinea edota jaialdiak. Amurrion berriz, Eskaut taldea sortu zuen eta Ekintza Katolikoko Langile Ermandadean eta Gazte Langile Kristauak taldeetan aritu zen.