Bildu Amurriok jaietako batzorde irekiaren kudeaketa politikoko eredua ez dela eraginkorra izan eta eztabaida leku hau porrotera eraman duela salatu du. Gainera, herritarren parte-hartzeak ez duela ezertarako balio izan, erabakiak urretik hartuak zeudelako esan du. Horrela, Bildu ez dator bat eztabaida-leku honetan EAJk inposatu duen ereduarekin.
Bilduren ustez, EAJren parte-hartze eredua hauteskundeen emaitzetan oinarritzen da, izan ere, azken hauentzat herritarren bozka da parte hartzearen adibiderik onena, baina “gure ustez parte-hartzea ez da lau urtean behin bozkatzera mugatzen”, dio alderdi ezkertiarrak.
Adibide gisa, jaien data eta aurrekontuetan gertatutakoa jartzen du koalizioak. “Prozesu honen hasieran aurrekontu murrizketa hiru hilabetez eztabaidatu zen. Murriztu beharreko arloei buruz akordio batetara ez zela iritsi ikusita, batzordearen partaideei beraien proposamenak lantzea proposatu zen, eztabaidatu eta elkarren artean aurrekontua adosteko. Bada, EAJk berea landu zuen, gehien gustatu zitzaizkion atalak aukeratuz eta besteak baztertuz. Gainera, atal batzuk batzorde-buruagatik erabakiak zeudela eta ezin zirela ez ukitu, ez txikitu ezta ezabatu ere argi utzi zuten. Orduan izan zen parte-hartzaile batzuek bileretara joateari utzi ziotenean”.
Gauzak horrela, Bilduk uste du alkate, koadrila eta Amurrioko jai-batzordean parte hartzen duten eragile guztiak jaietako programazioa egiteko oinarrizkoak direla. Horregatik hain zuzen ere, alderdiak talde guztien ekarpenak kontuan hartzeko lan egiten jarraituko duela hitzeman du. “Diseinu, aurrekontuen programazioa eta baita edukiaren inguruko erabakiak ere, festak bizi eta gozatzen dituzten pertsonek erabaki behar dute”, pentsatzen du Bilduk.